Eduki babestua

Bueltan da Errigoraren euskarari puzka emateko uzta

Erredakzioa 2024ko urr. 24a, 11:55

Baserritar bat, Nafarroako zainzuri batzuk eskuetan dituela. ERRIGORA

Udazkeneko produktuekin osatutako saskiak eskatzeko epea zabaldu dute, eta azaroaren 14ra bitartean eskatu ahalko dira errigora.eus webgunean. Hiru saski daude aukeran.

Gaurtik azaroaren 14ra bitartean eskatu ahalko dira Nafarroako produktuekin osatutako Errigoraren saskiak. Saski beltza 55 eurotan erosi ahalko da, saski berdea 65 eurotan, eta gorria 75 eurotan. Saski bakoitzak, gainera, berrikuntzak izango ditu produktuetan. Hala, saski beltzean ilarrak eta tomate naturala gehitu dituzte, saski berdeari txokopipitak erantsi dizkiote, eta saski gorrian ardo zuria, mantekadak eta turroia aurkitu ahalko dira.

Hona hemen saski bakoitzak izango dituen produktuak zehaztuta:

  • Saski beltza (55 €): piperrak, zainzuriak, orburuak, kardua, potxak, borraja, tomate naturala, teilak, mahats zukua, ardo beltza, ilarrak eta patxaran mantekatuak.
  • Saski berdea (65 €): piperrak, zainzuriak orburuak, txitxirioak, pasta, dilista lehorrak, ardo ozpina, tomate frijitua, sagar zukua, konbutxa tea, txokopipitak, eko teilak eta haritz ardo beltza.
  • Saski gorria (75 €): Rose ardo apartsua, kriantza ardo beltza, ardo zuria, patxarana, mantekadak, polboroiak, txokolatezko molinerito-ak, zainzuriak, turroia, piperrak eta ardi gazta.

Saskiekin batera, produktu berri bat kaleratu du aurten Errigorak: Agertuz karta jokoa eskatu ahalko da, 5 euro gehiago ordainduta. Arduradunek garbi utzi nahi dute, ordea, jokoa gehigarri bat dela, eta, beraz, ezingo dela soltean eskatu. Hau da, saskiarekin batera eskatu ahal izango da.

Ager eremuan indarra

Auzolanari esker da eta hala izaten jarraituko du Errigorak. Haren sustatzaileek diote lurraldeak batuz indarrak biderkatzeko aldia dela Agerreko uzta euskarari puzka kanpaina. Hala, lurrak emandako uztaz osatutako saskiak salduz lortutako diruarekin emango dituzte Ager eremuan hemendik aurrerako pausoak. Izan ere, eremu horretan ari da Errigora euskarari lurra ematen azken urteetan; euskaltegietan, ikastetxeetan... "Ager eremuan euskara hasia da loratzen, eta horregatik jarraitu behar dugu ureztatzen, indarrez eta osasuntsu hazi dadin. Mugatu eta apaltzea helburu duten sasien azpitik eta lainoen gainetik, lorpen txikiak ospatuz euskarari merezi duen tokia emateko lanean jarraituko dugu", adierazi dute.

Eskaerak

Saskiak eskatzeko epea. Azaroaren 14ra artekoa da.

Internetez. Errigora.eus atarian eskatu behar dira.

SASKIAK JASOTZEKO

Orion. Orioko Herri Ikastolan, azaroaren 29ko arratsaldetik aurrera, ikastetxeko ordutegian.

Orio Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide