Israelek Palestinaren aurkako erasoa hasi zuenetik urtea pasatu den honetan, "berehalako su etena" eskatzeko eta Palestinari elkartasuna adierazteko elkarretaratzeak egin dituzte gaur Euskal Herriko plazetan. Gernika-Palestina plataformak deitu ditu kontzentrazioak, eta Orion ere deialdiarekin bat egin du herritar askok. 19:30ean izan da protesta, Herriko Plazan.
Sirena hots batekin hasi dute protesta eta, amaitzeko, berriz, olerki bat entzun ahal izan da bozgorailuetatik. Bertaratu den bat baino gehiago hunkitu da olerkia entzun denean, eta txaloekin amaitu da mobilizazioa.
Aurrez, herriko bi ikastetxeen atarietan ere elkartu dira eskola komunitateetako kideak. 16:00etan egin dute elkarretaratzea Zaragueta Herri Eskolan, eta 16:30ean, berriz, Orioko Herri Ikastolan.
Gaurko deialdia hainbat alderdi politikok, sindikatuk eta eragile sozialek babestu dute.
Protestaren arrazoiak eta eskakizunak
Orain hiru aste egin zuen Gernika-Palestina plataformak protestarako deia, "armak isil daitezen eta Israelek egindako okupazio koloniala buka dadin". Halaber, agerraldi hartan bildu zirenek Mendebaldeko estatuei Israelgo estatuarekin arma eta baliabide militarren salerosketa etetea galdegin zieten. "Funtsezko abiapuntutzat jotzen ditugu Palestinan inongo estatu edota potentziaren esku-hartzerik eza, eta bere autodeterminazio eskubidearen errespetua. Palestinako biztanleek baliabide materialak eta politikoak behar dituzte beraien lurraldean gelditzeko eta duintasunez bizi ahal izateko", adierazi zuten.
Plataformaren arabera, "elkarrizketaren eta negoziazioaren" bidea hartuta soilik konponduko da Palestinak egun bizi duen egoera; "bake justua, egonkorra eta iraunkorra" dituzte helburu nagusitzat. Horretarako, nazioarteko komunitatearen parte hartzea "funtsezko gakoa" izango dela dio Gernika-Palestina plataformak. Izan ere, uste du hori dela aldeak negoziatzera bultzatzeko eta nazioarteko zuzenbidean eta Nazio Batuen Erakundearen ebazpenak zorrotz betetzeko "modu bakarra".