Herriko parkeak konpontzeko eta garbitzeko lanetan ari da udala

Julene Sorarrain 2024ko urr. 16a, 16:00

Anibarko Portuko parke berria. (Onintza Lete Arrieta)

Datozen asteetan, parke guztien lurrak garbituko dituzte. Gainera, herriko parke guztietan egingo dituzte doikuntzak, "egokitasuna eta segurtasuna bermatzeko".

Orioko Udalak herriko parkeen azterketa egin zuen duela hilabete batzuk, horiek mantentzeaz arduratzen den enpresarekin. Azterketa horren emaitzetan oinarrituta, hainbat aldaketa eta egokitzapen egitea erabaki du, eta datozen asteetan herriko parke guztien lurrak garbituko dituzte.

Udalak azaldu duen moduan, "parkeen azterketak agerian utzi du Baxoaldeko jolastokiaren gune bat ordezkatzeko beharra dagoela", eta piezaka egin beharrean, "joko-multzo hori batera aldatzea" erabaki du. Lan horiek azken asteetan egin dira, eta parkea erabat erabilgarri dago berriro. Horrez gain, hondartzako parkean dagoen egurrezko barkuko hainbat pieza ere berritu dituzte, baita arranpla pareko jolas-guneko zabua ere.

Datozen asteetan, parke guztien lurrak garbituko dituzte. Muntoko kirol-pistaren itxitura ere sendotuko dute, baita Bikamiota parkeko jolas baten malgukia berritu ere. Hortaz, herriko parke guztietan egingo dituzte doikuntzak, "egokitasuna eta segurtasuna bermatzeko". Lanek 18.600 euroko kostua dute, eta Lurkoi enpresak egin ditu.

Orio Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide