Orioko Udala buru-belarri dabil herriko zaintza ereduaren inguruan lanketa egiten urte hasieratik, eta horretarako, ondoan izan ditu hainbat aditu talde, baita herriko Gizarte Zerbitzuen saila eta Saregile emakumeen etxea ere. Azaldu du burutu dituztela aurreneko azterketa eta egoeraren diagnostikoa –hainbat eragile eta norbanakorekin bilerak eta elkarrizketak eginda–, eta hurrengo pausoa izango da "datozen urteetarako ekintza plana definitzea".
Horretarako, parte hartze prozesua abiatuko du udalak, eta hala, herritar guztiei dei egin die beren iritzia eman dezaten: "Udalarentzat ezinbestekoa da herritarrek parte hartzea prozesu horretan: udalak dei egiten die gaiari ekarpena egin diezaioketen guztiei galdetegia bete eta izena emateko. Udalak gustura jasoko ditu guztien iritziak", esan du.
Hau da galdetegia. Galdetegian izena ematen duten herritarrek zuzenean jasoko dute bileren eta gainerako jardueren berri.
Zimenduak jarrita
Ekaineko Aia-Orio Guka aldizkarian landu zen herriko zaintza ereduaz udalak eta hainbat aditu eta eragilek egiten zuten hausnarketa eta baita egiten ari ziren lanketa ere. Orduan, Anuska Esnal alkateak adierazi zuen aurreko urteetan zimenduak jarriz aritu dela udala, orain zaintzaren gaiari behar bezala heldu ahal izateko: "Aurreko agintaldian bagenekien helburu nagusia zela emakumeen etxearen eraikina eta horrek berarekin zekarren guztia sortzea. Behin Saregile edukita eta mugimendu feminista udalaren barruan buru-belarri egonda, ikusten genuen momentua zela zaintzaren gaiari heltzeko", azaldu zuen.
Emakumeen etxea artikulatzeaz gain, Gizarte Zerbitzuak ere asko indartu ditu udalak azken lau urteetan, langile eta erdi izatetik lau izatera igaro baita, eta horrek ere gai honi heltzeko zimenduak jartzen lagundu duela azaldu zuen Esnalek.