Kasualitatea. Zaintzari buruzko artikulu hau idazten hasi orduko jaso du kazetariak medikuaren deia: "Plaken emaitzak ditut: neumonia duzu". Antibiotikoa errezetatu, eta deskantsatzeko eta ur asko edateko gomendatu dio. Bat-batean handitu zaio nekea kazetariari. Erreportajea lehenbailehen egin beharko du bada ez bada, baina hori da gutxienekoa. Nork zainduko eta mimatuko du sendatu arte? Nor arduratuko da seme-alabak zaintzeaz? Eta 80 urte baino gehiago dituen amaz? Bere kasuan, bikotekideak egin beharko ditu zeregin horiek. Eta amak, zorionez, ez du zainketarik behar gaur-gaurkoz.
Eguneroko martxa hankaz gora jarri orduko, zaintzaren bueltan hasi zaio burua ere jiraka. Zaintzak erdigunera, Orio herri zaintzailea eta halako leloek inoiz baino zentzu gehiago hartu dute bere baitan: ume guztiek zaintza behar dutelako, adineko pertsona batzuek ere bai, eta baita edozein helduk ere gaixotzen denean edo min hartzen duenean. Zaintza jada badago erdigunean, eta Orio jada bada herri zaintzailea. Kontua da horretan ere badagoela zer hobetua adituen ustez; bai zaintzeko moduetan, bai zaintzaileen eta zainduen behar eta ongizatean. Eta gaiari heltzeko ordua badela iritzi dio Orioko Udalak. Hala, mahai gainean daude jada hamaika kontzeptu, etxeko lan eta kezka.
Zimenduak jarrita
"Aurreko agintaldian bagenekien helburu nagusia zela emakumeen etxearen eraikina eta horrek berarekin zekarren guztia sortzea. Behin Saregile edukita eta mugimendu feminista udalaren barruan buru-belarri egonda, ikusten genuen momentua zela zaintzaren gaiari heltzeko", azaldu du Anuska Esnal Orioko alkateak. Emakumeen etxea artikulatzeaz gain, Gizarte Zerbitzuak ere asko indartu ditu udalak azken lau urteetan, langile eta erdi izatetik lau izatera igaro baita, eta horrek ere gai honi heltzeko zimenduak jartzen lagundu duela uste du Esnalek.
Arlo bati buruzko plan estrategiko bat edo prozesu bat abiatzeko aurreneko pausoa diagnostikoa egitea izan ohi da, eta kasu honetan, "diagnostiko sakonaren beharra" ikusi du udalak, norbanako eta eragile askorekin aurrez aurre hitz eginda: "Bereziki gai honetan derrigorrezkoa ikusten genuen herri diagnosi sakona edukitzea, egungo beharrak identifikatzeko eta dauzkagun baliabideak aztertu eta horien ahulguneak eta indarguneak begiratzeko eta, hala, etorkizuneko behar berriak asetzeko zer beharko genukeen begiztatzeko", azaldu du alkateak. Diagnostiko horren erdi-erdian daude gaur egun, baina hurrengo pauso garrantzitsuenen zertzeladak ere eman ditu Esnalek: irailean Zaintza Bulegoa zabaltzea da asmoa, eta aurrerago, Herri Akordioa izeneko dokumentua osatzea, non herriko eragileek konpromiso zehatzak hartuko dituzten zaintzaren inguruan. Pauso horiek guztiak emateko bidelagunak topatu ditu udalak etxe barruan –Gizarte Zerbitzuak eta Saregile emakumeen etxea– nahiz kanpoan –Matia Fundazioa eta Emagin elkartea–.
"Langileen eskubideak errespetatzeko, maiz zaintza behar duen pertsonaren eskubideak urratzen dira, eta alderantziz. Eskubideen negoziaziorako joera bat sortu behar da"
(Irati Mogollon, Matiako ikerlari gerontologikoa)
Anbizio handiko proiektua du esku artean Orioko Udalak, baina aurrera egiteko zalantzarik ez du Esnalek: "Erronka izugarria da, baina iruditzen zait momentua dela, eta gure lana dela momentu horiek identifikatzea. Uste dut Gizarte Zerbitzuak eta Saregile egonda, eta Matia eta Emagin bezalako bidelagun apartak edukita, abagunea dela herri diagnosi potente bat egiteko eta horren barruan gero etorriko den ekintza plan hori udaletik ahalik eta ondoen exekutatzeko".
Zaintza bere osotasunean jorratzea da asmoa, baina gaia hain zabala izanik, "larritasun gehien" duen ertzetik hasi dira: adineko pertsonen zaintzatik.
Helburua, argi
Orion egingo dena ez da ezer berria, Matia Fundazioa duela hamar urte hasi zelako zaintza ekosistemen inguruko halako prozesuak lantzen, Irati Mogollon Matiako ikerlari gerontologiko eta Orioko zaintza ekosistemaren koordinatzaileak kontatu duenez: "Pasaian egin genuen aurreneko lanketa, eta gero Usurbilen; orain Deban, Orion, Leitzan eta Urretxun ari gara prozesuak martxan jartzen". Pasaiako eta Usurbilogo esperientziak kontuan hartuta, Mogollonek argi du Orion hasi duten lanketa ez dela epe laburrean amaituko: "Gaur egun zatikatuta dauden zaintza zerbitzu, pertsona, sistema eta egitura horiei guztiei zentzua ematea da helburua, eta batez ere ekosistema horren artikulazioan publiko-pribatu-komunitarioa den eztabaida hori gauzatzea eta bidean inor ez uztea".
"Agian tabernari bat jada bada zaintzaile, berak jakin gabe. Herri akordioarekin, zaintzea modu kontzientean egitea nahi da"
(Ane Esnal, Orioko Udaleko Gizarte Zerbitzuetako arduraduna)
Denak kontuan hartze horretan jarri du azpimarra adituak, uste baitu askotan zaintzaren eztabaida "eskubideen arteko talka bat" bihurtzen dela. "Langilearen eskubideak errespetatzeko maiz zaintza behar duen pertsonaren eskubideak alde batera uzten dira, eta beste hainbeste; askotan, pertsonaren eskubideak mantendu ahal izateko, langileen eskubideak ere alde batera uzten dira, edo familiarenak, edo dena delakoarenak. Matiaren rola da konbinazio hori eta elkarrizketa hori artikulatu ahal izatea", azaldu du. Alegia, "eskubide negoziazioetarako joera bat" sortu beharra ikusten du. "Eta nork izan behar du mediatzaile? Gizarte Zerbitzuek? Saregileek? Komunitateak? Osakidetzak?". Zaintzaren atzean gauza asko ezkutatzen da, eta hori guztia mahai gainean jarri nahi du Mogollonek, pixkanaka pausoak emateko: "Familiaren botere harremanak azaleratzen dituen egitura bat da zaintzarena; klase sozioekonomikoa agerian uzten duen egitura bat; patriarkatuaren eraikuntza azalean uzten duen egitura bat; eta pertsona askoren estrategia migratorioak ere badira. Ez dugu hasi behar horiek epaitzen, baina errealitate horrek ere badakartza ondorioak".
Hain zuzen, apirilean eta maiatzean topaketak egiten ari dira zaintza arloko hainbat eragilerekin, eta horiek dinamizatzeaz arduratzen ari da Mogollon: "Zerbitzuetako hornitzaileak daude batetik, zaintzaile profesionalak, zaintzaile afektiboak... Pixkanaka, ahots guztiak konbinatu nahi ditugu, baina bakoitzaren berezitasunak errespetatuta. Prozesu horretan, noski, Gizarte Zerbitzuen lidergotza adierazi behar da, beste Gizarte Zerbitzu batzuk eraikitzeko, eta noski, emakumeen etxeko saregileen lidergotza ere bertan egotea ezinbestekoa da guretzat. Helburua da, izan ere, gaur egun gertatzen ez den zerbait gertatzen hastea: Gizarte Zerbitzuak eta berdintasuna baturik joatea ahal den neurrian".
"Guk daukagun sarea aprobetxatzen ari gara zaintzaileengana iritsi eta diagnostikoan haien begirada ere jasota gelditu dadin"
(Miriam Garcia, Saregile Emakumeen Etxeko kidea)
Bitartekari eta saregile lanak egiteko daude, hain justu, Saregile emakumeen etxea eta Gizarte Zerbitzuak. Saregileko Miriam Garciak azaldu du "zaintzaile asko" iristen direla emakumeen exera bide desberdinetatik; "guk daukagun sare hori aprobetxatzen ari gara zaintzaileengana iritsi eta diagnostikoan haien begirada ere jasota gelditu dadin".
Helburuen artean dagoen Herri Akordioari dagokionez, Emagin elkarteko Miren Arangurenek uste du oso zaila dela orain esatea herri akordio hori zertan oinarrituko den, hain justu orain ari direlako herriko premia horiek identifikatzeko fasean. "Azterketa fase honetan atera daitezke guk aurreikusten ez genituen bakardade egoera batzuk, edo kolektibo batzuk ez genituenak kokatzen horrelako premiak izan zitzaketenak. Horregatik da inportantea jende askoren ahotsak entzutea. Dena den, herri akordio hori nik irudikatzen dut bakoitza lanean dagoen eremu horretatik, izan taberna bat, denda bat, futbol kluba, mugimendu feminista edo hirigintzako teknikaria, konpromiso konkretu batzuk hartzen bere eremuan zaintzaren ikuspegitik eragiteko". Adibide batekin azaldu du Ane Esnaola Gizarte Zerbitzuen arduradunak: "Agian tabernari bat jada bada zaintzailea, berak jakin gabe. Pertsona bat egunero-egunero ikus dezake, eta konturatu asko jaisten ari dela, eta horretaz kontziente bada, familiari esan diezaioke. Pertsona, eragile eta erakunde denak nahi ditugu prozesu edo akordio honen parte bihurtu, denak modu kontzienteagoan has daitezen zaintzen eta baliabide bat gehiago bihur daitezen".
"Niretzat osagai oso-oso interesgarriak ditu Orioko lanketak, kolaborazio zuzena dagoelako berdintasun eta gizarte zerbitzuen arloen artean, gidaritza politiko batekin, eredua integralki aldatzeko"
(Miren Aranguren, Emagin elkarteko aditua)
Kontuak kontu, halako akordio bat osatzera iristeak denbora eskatzen duela argi du Arangurenek: "Hori ez dugu egingo urtebetean, inondik inora, baina prozesua edo zimenduak jartzeko urtea izango da hau. Zerbait progresiboa bezala irudikatzen dugu, pixkanaka joango garena egiten, definitzen eta birdefinitzen".
Datuak, hausnarketarako
Diagnostikoa egiteko une honetan, Mogollonek datu kuantitatiboen garrantzia ere azpimarratu du: "Zaintza zerbitzuen analisi sakona egiten ari gara, datuak kuantitatiboki jasota, jakiteko menpekotasunaren gaia nola dagoen. Etorkizunean beste ekosistema bat eraiki ahal izateko, jakin behar dugu serioski zein den gaur egungo sistema, eta maiz egiten duguna da aurreiritzietatik jokatu. Adibidez, ohikoa izaten da esatea adinekoen egoitza bat eraiki behar dela. Eta guk diogu: ados, egoitza bat eraiki behar da, baldin eta zaintzaren gehiengoa egoitza bidez egiten bada. Eta, adibidez, datuek esaten dute zaintzaren ehuneko handi bat, Orion, espazio pribatuan egiten direla. Hortaz, zertarako balio du hiru milioiko proiektu bat egiteak, ostera, arazoak jarraitzen badu, etxeetan kokatzen bada?".
Diagnostiko on batek lagunduko dio udalari norabide egokia hartzen etorkizunean egin beharreko esku hartzeetan, eta zentzu horretan mintzatu da Aranguren ere. Esaterako, diagnostikoa osatzeko galdetegi bat zabaldu zuten Orion urte hasieran, eta haren emaitzak diagnostikoarekin batera aurkeztuko dituzten arren, zenbait datu aurreratu ditu: "198 erantzun jaso ditugu, %70 inguru emakumezkoenak. Galdetegian ikusi da odol senidetasunak presentzia handia daukala zaintzan, eta erantzun duten gehienak zaintza ematen dutenak direla, ez hainbeste zaintza jaso izan dutenak". Galdetegian parte hartu ez duten profil horiengana iristeko saiakera berezia egingo dutela esan du Arangurenek, "zaintza eredua bera aldatzeko behar guzti-guztiak jarri behar direlako mahai gainean". Aitortu du Emaginek normalean fokua gehiago jartzen duela zaintzaileetan, "ikuspegi feministatik horra joaten zaigulako begirada, badelako emakumeok desjabetzen gaituen egoera bat", baina Arangurenek uste du eredua aldatzeko integralki ikusi behar dela gaia. "Hemen hasieratik saiatu gara horretan. Horregatik dago kolaborazio zuzena Berdintasun arloaren eta Gizarte Zerbitzuen artean, gidaritza politiko batekin. Niretzat konponente oso-oso interesgarriak ditu Orioko lanketa honek", iritzi dio.
Hausnartzeko eta egiteko asko dagoela dirudi, baina baita jada eman direla ere lehen pausoak herri zaintzaile (hobe) baterantz.