Azken urteetan, Orioko Udalak hainbat lan egin ditu herriko bidegorri sarea osatzeko. 2022ko udan herrigunea eta hondartza elkartzeko falta zen zati nagusia osatu zuen, Bikamiotako biribilgunetik autobideko zubira artekoa, hain zuzen. Orain, udalak Gipuzkoako Foru Aldundiaren dirulaguntza jaso du Abaromendiko bidegorria Zaragueta Herri Eskolaren sarrera berriraino luzatzeko, eta jakinarazi duenez, lan horiek datozen asteetan egingo dituzte. Aurreikuspenen arabera, azarorako amaituta egongo dira lanak.
Obrak 32.129,93 euroko aurrekontua du, eta aldunditik jasotako dirulaguntzarekin erabat finantzatuta geldituko da.
"Lanaren helburua da Zaraguetara bizikletaz joaten diren ikasle, guraso, langile eta herritarrei ibilbide segurua eskaintzea, errepidea erabili behar izan gabe", adierazi du udalak.