Bukatu dituzte kiroldegiko instalazioak berritzeko lanak

Julene Sorarrain 2024ko ira. 24a, 14:00

Karela kiroldegia goitik ikusita. (Orioko Udala)

Udalak "aldaketa garrantzitsuak" egin ditu kiroldegiko instalazioetan azken hiletan, bereziki, klimatizazioan eta hezetasuna kentzeko sistemetan. Aldaketa horien bidez, igerilekuko hezetasunaren kontrola hobetu da eta sistema eraginkorragoak ezarri dira.

Berrikuntzen helburu nagusia energia aurrezteko eta ekoizteko neurriak hartzea izan da, eta horretarako, besteak beste, aerotermia-sistema ezarri dute, ur beroa ekoizteko. Orioko Udalak azaldu duen moduan, "booster edo tentsio-igogailu bat jarri dute ere, hezetasuna kentzeko makinaren beroa aprobetxatzeko, eta, horrez gain, energia elektrikoa sortzeko 85KWko instalazioa jarri da igerilekuaren sabaian". Neurri horien bidez, instalazioen erosotasuna hobetu eta energiaren kontsumoa gutxienez % 30 murriztuko du udalak.

Egindako lanek 520.000 euroko kostua izan dute eta 275.000 euroko laguntza jaso du udalak; Gipuzkoako Foru Aldundiko Kirol Departamentuak 215.000 euro jarri ditu eta Energiaren Euskal Erakundeak, berriz, 60.000 euro.

Orio Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide