Goizean goiz hasi dira herritarrak Begi Bistanek antolatutako ekintzetan parte hartzen. Kayakean igo, uretara jauzi eta Oria itsasadarrean zehar zabor bilketa egin dute. 60 pertsona inguru bertaratu dira eta ordu eta erdian hainbat zabor ateratzea lortu dute. Aldi berean, Antilla hondartzan zigarro-punten bila ibili dira beste partehartzaileak; guztira, litro bat zigarro-punta jaso dituzte.
Arratsaldean, bildutako plastikoa eta zaborra poltsetatik atera dute eta birziklatuz, edukiontzietara bota dute guztia. Bitartean, herritarrak plazan egin den Zero Waste azokara gerturatu dira eta bertan, modu arduratsuan eta hondakinik sortu gabe kontsumitu daitekeela erakusten duen azoka, hain zuzen. Tokiko ekoizleei lagunduz eta alternatiba jasangarriak sustatuz, plastikoa ekiditeko produktuak saldu dituzte.
Egunari amaiera biribila emateko, Radio Rebelde bikoteak kontzertu sorpresa eskaini du eta gerturatu direnek dantzan eta kantari alaitu dute Herriko Plaza.