Euskal Herrian portuak dituzten herrietan udal batzordeak sortu ahal izateko dekretua onartu du gaur Eusko Jaurlaritzak. Portuetako erabiltzaileek eta amarratzaileek aspalditik eskatzen zuten neurria da hau, eta Orion ere izango du eragina. Eskualdean Getarian eta Zumaian, eta Gipuzkoan, Mutrikun, Deban, Donostian eta Hondarribian ere sortu ahal izango dituzte.
Portuetan kontseilu hauek sortzeak ez dakar berez eskumen aldaketarik. Izan ere, Gernikako Estutuaren arabera, interes orokorrekoena izan ezik (Pasaiako eta Bilbokoa, esaterako), Bizkaiko eta Gipuzkoako beste portu guztien eskumena Jaurlaritzarena da. Sortuko dituzten kontseilu hauen funtzioa "kontsultarakoa" izango dela azaldu du Zumaiako alkate Iñaki Ostolazak. Bere esanetan, herri hauetako portuekin zerikusia duten gaiak aztertuko dituzte organo horiek eta, behin eratuta, urtean behin edo bitan bilduko dela uste du agintariak.
Bere eginkizunen artean dago, besteak beste, portu-eremu bakoitzean dauden beharrak aztertzea eta instalazioak hobeto kudeatzeko ekintzak proposatzea.