Ikuskizun galanta izan da aurten ere Donostiako badian. Kontxako Banderako bigarren jardunaldia jokatu aurretik faborito garbi bat zegoen: Bermeo. Lehen igandean nagusi izan ziren bizkaitarrak eta alde handiak atera zizkien aurkariei. Ezustekoren bat gertatu ezean, zortzigarren garaipena lortuko zuten bermeotarrek arraun munduko hitzordu esaguratsuenean. Eta ez, ez da sorpresarik izan, ez sailkapen orokorrari dagokionez, behintzat. Izan da, bai, ezusteko positibo bat ohorezko txandako lehen luzean, eta Orioko San Nikolasek erakutsi duen maila bikaina eta egin duen luze aparta izan da hori. Edozein arraunzale zur eta lur uzteko modukoa.
Sekulako berdintasuna izan da ohorezko txandako lehen luzean. Bigarren kaletik atera den Bermeok estropadako minutu eta erdira arte itxaron behar izan du segundo bateko aldea ateratzeko bere aurkariei. Atzetik, beste hiru traineruek borroka bizia mantendu dute lehen minutu horietan. Zierbena lehen kaletik, Orio bigarrengotik eta Donostiarra laugarren kaletik aritu dira. Ziabogara hurreratzen ari zirela aldea zertxobait handitu du Bermeok: traineru eta erdi edo bi traineru gehienera jota. Une horretan hortzak estutu ditu Oriok eta pixkanaka hurreratzen joan da. Hiru segundo, bi, bat, baita une batean aurretik jarri ere. Bermeo, ordea, ez da lehen igandeko aldea kudeatzera joan Donostiara; bigarrengo jardunaldian ere irabazi nahi zuten, eta gutxigatik bada ere azkarrena izan da ziabogan, 9:15 denborarekin. Orio izan da bigarren bi segundora (9:17), Donostiarra hirugarren 9:19 eta Zierbena laugarren (9:20).
Oso bestelakoa izan da itzulerako luzea. Bermeok turboa piztu eta ia ohartu gabe aldea handitzen joan da. Sekulako erakustaldia eman du Gorka Aranberri zarauztarrak gidatutako arraunlari taldeak, eta hamahiru segundoko aldearekin irabazi du gaurko estropada. Sailkapen orokorrean, berriz, 26 segundo atera dizkio bigarren egin duen Zierbenari eta 36 hirugarren amaitu duen Donostiarrari, era horretan zortzigarrengoz Kontxako bandera irabaziz.
Orio, aldiz, ez da gai izan poparean lehen luzeko erritmoa mantentzeko, eta Zierbena hurreratzen joan zaio, baita aurrea hartu ere. Sailkapen orokorreko laugarren postua mantentzea izan du hortik aurrera Oriok erronka. Lehen txanda Hondarribiak irabazi du 19:18,76 denborarekin. Kontutan hartuta lehen igandean bi segundo besterik ez zizkiola atera laugarren egin zuen Oriok bosgarren izan zen Hondarribiari, San Nikolas traineruak kontzentrazioa mantendu behar zuen sailkapenean mugaldekoen aurretik geratu nahi bazuen. Eta lortu du helburua, bi ehunekorengandik bakarrik izan bada ere. 19:20.94 denbora egin du Oriok. Hala, bi igandetako denborak batuta, ia 39 minutuko arraunketa saioan bi ehuneko besterik ez dira izan Orio eta Hondarribiaren artean. Hala, gaur laugarren egin duen Orio gai izan da Kontxako sailkapen orokorrean laugarren postua gordetzeko.
Eskualdeko bigarren ordezkariari dagokionez, goraipatzekoa da Getariako Esperantzak egindako lana. Bosgarren denbora onena egin dute gaurko estropadan eta, horri esker, Kaikuk lehen jardunaldian atera zizkion sei segundoak janez, sailkapen orokorrean seigarren postuan amaitu du Getariak.
Bigarren jardunaldiko denborak
- 1. Bermeo: 19:04,60
- 2. Zierbena: 19:17,20
- 3. Hondarribia: 19:18,76
- 4. Orio: 19:20,94
- 5. Getaria: 19:25,56
- 6. Donostiarra: 19:25,80
- 7. Cabo: 19:48,72
- 8: Kaiku: 19:58,64
Sailkapen orokorra
- 1. Bermeo: 38:10,08
- 2. Zierbena: 38:36,78
- 3. Donostiarra: 38:46.70
- 4. Orio: 38:51.64
- 5. Hondarribia: 38:51.66
- 6. Getaria: 39:17.72
- 7. Kaiku: 39:44.90
- 8. Cabo: 39:51.22