Ekainak 3, 08:00ak. Xabierrek gosaldu du eta telefonoz Donostiara deitu du, Odol Emaileetako bulegora, txanda hartzeko. 17:45ean eman diote. Unibertsitatera joan da, etxera bueltatu da, bazkaldu du eta 17:30 aldera Orioko anbulatoriora gerturatu da.
Arratsalde onak eman, eta esan dit 17:45ean duela txanda. Eliren atzetik dela esan diot nik. Bere txanda iritsi denean, lehendabizi erizainarengana sartu da. Horrek ordenagailuan bere fitxa atera du, tentsioa hartu dio, eta behatzean ziztatu du odol tanta bat atera eta kalitatea neurtzeko. Dena ondo dagoenez, bigarren pausoa medikuarekin egotea da. Horrek galderak egin dizkio, gehienbat azken egun hauetako kontuez: ea gaixo egon den, botikarik hartu duen, tatuajerik egin duen, dentistarenean izan den, bidaiaren bat egin duen atzerrira… Medikuaren bisita ere, ondo. Hirugarren pausoa, beste gelara pasatu eta erizainak deitu zain egotea. Ohatila batean jarri eta odola ateratzeko prestatu dute. 10-15 minutu igaro ditu. Orratza atera, eta bertan beste bost bat minutuz egon da, odola gelditu zaiola ziurtatzeko. Azkenik, kanpoan dagoen mahaiaren ingurura gerturatu da. Bertan pintxo bat edo beste jateko aukera egoten da –udalak ordaintzen dizkigu jakiak–. Tertulia ederrak sortzen dira mahai horren inguruan, baita barreak eta algarak ere… Denbora pixka bat egon, eta kalera. "Eskerrik asko, Xabier, eta gogoratu hurrengoa irailaren 6an izango dela". Horrelakoak izan ohi dira odol emaileak gure artera gerturatzen diren egunak.
Udan auto istripuak ugaritu egiten dira, eta odol kopuru handiagoa behar da. Horregatik, laguntza handia eman dezakezu zure odolarekin. Gehienetan, odol poltsen erreserba eskasa izaten da, eta beti dator ondo odola ematea. Orion, gainera, finko-finkoa den jendearen adina igotzen ari da, laster jubilatuko zaizkigu, eta jende berria behar dugu, jende gaztea. Gauza bera gertatzen da elkartean ere: aurten 60 urte dira sortu zutela, eta betikoak adinean aurrera eta jende gaztea sartzen hasi gara, horrek dakarrenarekin: ideia berriak, helburu berriak, sare sozial eta aplikazioen erabilpena…
Orain Gipuzkoako Odol Emaileen Elkarteak datuak aztertu egiten ditu. Kalkulatu egiten du, herri bakoitzeko biztanlegoaren kopurua kontuan hartuta, odola eman dezakeen jendearen ehunekoa, eta zer jende kantitate izango litzatekeen aproposa saio bakoitzeko. Orio bezalako herri batean, txandako 50 pertsona izango litzateke aproposena. Gaur egun 40-45 pertsonaren bueltan ibiltzen gara. Oriok lortu beharko luke 50 pertsonako erronka hori gainditzea, eta gure esku dago!
Urtean lautan bertaratzen dira Gipuzkoako Odol Emaileen Elkartekoak gurera: martxoan, ekainean, irailean eta abenduan. Orain arte, txanda telefonoz hartu behar izan da, baina laster sakelakotik aplikazio baten bidez egiteko aukera izango da. Bestalde, edozein momentutan eman daiteke odola Donostian Antiguo auzoan dagoen Aita Lekuona kalera joanda. Orain, plasma ere eman daiteke. Horretara ere pixkanaka jendea animatzen ari da, baina horretarako Donostira joan behar da. Plasma emateak denbora gehiago eskatzen du, ordu bete gutxi gorabehera. Bukatzeko, esan, badakidala presaka bizi garela eta seguru aski ez dela erraza izango lehenengo aldiz leku berri batetara hurbiltzea. Baina zatoz, ondo sentituko zara jendeari lagunduta.
Hemen duzu erronka, Orio: baietz 50 odol emaile izan irailaren 6an, zuri eskerrak.