'Denboraren zubia' liburua aurkeztuko du Iñaki Iturainek bihar Donostian

Onintza Lete Arrieta 2024ko ira. 4a, 08:00

Iñaki Iturain eta argitaratu berri duen liburuaren azala. (Erein)

Narazio liburua Erein argitaletxearekin argitaratu du, eta Donostiako Udal Liburutegian aurkeztuko du. Orioko Kultur Etxean ere egingo du liburuaren aurkezpena, hil amaieran.

Iñaki Iturain oriotarrak narrazio liburua ondu du, eta bihar 11:30ean aurkeztuko du Donostiako Udal Liburutegian, Inazio Mujika editorea lagun duela. Erein argitaletxearekin argitaratu du Denboraren zubia liburua, eta hilaren hondarrean Orion bertan aurkeztuko die herritarrei. Irailaren 26an izango da, ostegunarekin, 19:00etan Kultur Etxean.

Liburuaren nondik norakoak bihartik aurrera jakingo diren arren, Ereinek, aurrerapen gisa, honako zertzelada eskaini du: "Orizarreko herritarrei ia oharkabean iritsi zitzaien gerra. Gerrak bota zuen zubia, eta gero, presoek berreraiki, errioaren bi aldeak berriro lotzeko. Orduan bi aldeak bezala, lotu ditu orain zubiaren denborak bi aldiak".

Euskalzale eta historiazale amorratua, Iturainek euskara nahiz Orio ardatz duten hainbat liburu ditu argitaratuak, eta Karkara herri aldizkariko sortzaileetakoa izan zen. Gaur egun Aia Orio Guka aldizkariko kolaboratzaile fina da.

Orio Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide