Gipuzkoako Gazteen Gurutze Gorriaren bitartez, udan udalekuak egin dituzte Orion eta Donostian 8 eta 13 urte bitarteko hainbat haur eta gaztetxok, eta egunotan gaitasun digitalen tailerrak ari dira hartzen. "Uztaila eta abuztua iristearekin batera, proiektu gehienak, Donostiako Hiri Koloniak izan ezik, etenaldian daude. Hala eta guztiz ere, haurren premiek bere horretan jarraitzen dute, batez ere sozializazioari eta kalitatezko aisialdi-jarduerarako sarbideari dagokionez. Honelako jardueren bidez, haurren arteko berdintasuna sustatzen da", azaldu du Gurutze Gorriak.
Orioko udalekuetan, esaterako, bazterketa arriskuan dauden familietako 23 haur eta gaztetxok parte hartu dute abuztuan.
Erakundeak gaineratu duenez, urtean zehar eskola-laguntzako eta aisialdiko jarduerekin eta Jostailu Hezigarriaren proiektuarekin jarraitzen dute, "gehien behar duten haurrei laguntza emateko, beharrezkoa den eremuan".