Kaleko informazio paneletan kartelak jartzeko araudia berritu du Orioko Udalak

Onintza Lete Arrieta 2024ko ira. 1a, 10:00

Xixario erretegiaren parean dagoen informazio panela, eta ertzean, araudia eta udalaren kultur agenda. (Onintza Lete Arrieta)

Udalak beirazko txoko bat jarri du paneletako ertz batean, bertan panelen erabilera arauen berri emateko eta udalaren kultur agenda gogorarazteko.

Orioko kaleetan hainbat informazio panel aurki daitezke –urdin kolorekoak–, eta eragileek horiek erabiltzen dituzte beren kartelak jarri eta herritarrak informatzeko. Uda honetan, Orioko Udalak beirazko txoko bat jarri du panelen ertz batean, eta horietan erabilera arauak jarri ditu, baita udalaren kultur agenda ere.

Araudiari dagokienez, honako arauak zerrendatu ditu udalak:

  • Kartelen neurria DIN A3koa izango da gehienez.
  • Ekitaldien kartelak panel urdinetan bakarrik jarriko dira.
  • Ezin da kola erabili kartelak jartzeko.
  • Panel bakoitzean ekitaldiko kartel bakarra ezar daiteke.
  • Ekitaldien kartelak, ekitaldia baino bi aste lehenago jar daitezke, gehienez.
  • Izena emateko epea daukan ekitaldi bat bada, gehienez ere epe hori amaitu baino bi aste lehenago jarri ahalko dira kartelak, ez lehenago.
  • Ekintza bateko kartelak jartzeko lekurik ez badago eta panel horretan pasatako ekintzaren baten kartelen bat baldin badago, baimenduta dago pasatakoa kentzea edo horren gainean kartel berria jartzea.
  • Udalak hileko lehen eta hirugarren astelehenetan hustuko ditu panelak.

Orio Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide