Gure Zirkuak amaitu ditu Orioko emanaldiak. Euskara ardatz eta oinarri duen zirkuaren lantaldeak sare sozialetan jakinarazi duenez, "hilabete zoragarria" igaro dute Orion. "Beste urte batez, plazera izan da", adierazi dute. Herriari eskerrak emateko ere baliatu dute abagunea: "Eskerrik asko bihotz-bihotzez Orioko Udalari, Orioko herri osoari, eta bereziki, lagun eta bizilagun guztiei! Ederki zaindu gaituzue!".
Abuztuaren 3tik 24ra bitartean izan da Gure Zirkua Orion, eta guztira, hamabost emanaldi eskaini dituzte. Zirkuaren lantaldeak nabarmendu duenez, emanaldi bakoitzean karpa "jendez lepo" bete zaie. Atzo arratsaldean Orioko azken emanaldia egin ostean, Lesakarako (Nafarroa) bidea hartuko du Gure Zirkuaren lantaldeak.