Gure Zirkuak Orion egin du geldialdia abuztuan zehar, eta egonaldi hori azken txanpan sartu da. Izan ere, aste honetan egingo ditu azken emanaldiak euskara oinarri eta ardatz duen zirkuak herrian, Mendibeltz futbol zelaiaren ondoko berdegunean. Zehazki, gaurtik igandera bitartean izango dira saioak: egunero 19:00etan eskainiko dituzte emanaldiak, eta larunbatean, 12:00etan ere egingo dute beste saio bat. Saio guztietarako sarrerak agortuta daude dagoeneko.
Abuztuaren 3tik 24ra bitartean izango da Gure Zirkua Orion, eta guztira, hamabost emanaldi eskainiko dituzte. Zirkuaren lantaldeak nabarmendu duenez, orain arteko emanaldi bakoitzean karpa "jendez lepo" bete zaie. Egunotan Orioko azken emanaldiak egin ostean, Lesakarako (Nafarroa) bidea hartuko du Gure Zirkuaren lantaldeak.