Atzokoak baino emaitza kaskarragoak lortu dituzte lehen mailako bi traineruek Lekeitioko estropadan

Mireia Galarza Bastida 2024ko uzt. 28a, 14:30

Emakumezkoen trainerua, Getxoko estropadan. (Aitor Agirrezabala)

Sailkapen orokorrean, bai emakumezkoen eta bai gizonezkoen traineruak berdintuta daude puntuei dagokionez, hurrenez hurren, Tolosaldearekin eta Donostiarrakekin. 

Atzo bezala, gaurkoan ere Bizkaian izan da estropada, baina oraingoan Lekeition. Bertan aritu dira Orioko traineruak, eta saiatu badira ere, atzo baino emaitza kaskarragoak lortu dituzte. Zehazki, bosgarren sailkatu dira gizonezkoak, eta laugarren emakumezkoak. Beste behin ere, Urdaibai eta Arraun Lagunak izan dira azkarrenak.

Euskotren ligan bigarren txandan aritu da Orioko ontzia, eta atzo bezala, hirugarren amaitu du txanda, Donostiarra eta Arraun Lagunaken atzetik. Dena dela, gaurkoan Donostiarrakek bost segunduko aldea kendu dio etxeko traineruari. Irudi ikusgarriak ere izan dira nesken txanda horretan; izan ere, Oriorena zen lehen kalera gerturatu dira Donostiarra eta Hondarribia, eta epaileak bandera zuria eta urdina erakutsiz abisua eman badie ere, hiru traineruak elkarrengandik oso gertu iritsi dira helmugara. Lehen txandan oso txukun ibili da Tolosaldea, eta horrenbestez, sailkapen orokorrean bigarren jarri da, Orioren aurretik, nahiz eta mirotzen puntu berberak izan, 59.

Eusko Label ligari dagokionez, ohorezko txandan lehiatu da gizonezkoen trainerua, baina besteak gehiago izan dira, eta aukerarik gabe utzi dute Orio. Bosgarren izan dira, eta zortzi puntu eskuratuta, Donostiarraken puntu berberak ditu sailkapen orokorrean, 90. 

Orio Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide