Hirugarren helmugaratu dira lehen mailako bi ontziak Getxon

Mireia Galarza Bastida 2024ko uzt. 27a, 20:02

Orioko trainerua aurreko asteko estropadan. (Euskotren liga / Aitor Arrizabalaga)

Sailkapen orokorrean bigarren jarraitzen du emakumezkoen traineruak, eta hirugarren gizonezkoenak.

Galiziako uretan lehiatu ostean, Euskal Herrian jokatu dituzte gaurkoan, Getxon, hain zuzen ere, Eusko Label eta Euskotren ligetako jardunaldiak. Eskualdeko ontziek oro har emaitza onak lortu dituzte: hirugarren eta bosgarren postuetan sailkatu dira, hurrenez hurren, Orioko bi ontziak eta Getariakoa. Azkarrenak, beste behin ere, Urdaibai eta Arraun Lagunak izan dira.

Eusko Label ligari dagokionez, hirugarren sailkatu dira gaurkoan oriotarrak. Ohorezko txandan aritu dira mirotzak, eta gogor lan egin duten arren ez dute lortu ez Zierbena eta ez Urdaibai aurreratzerik. Horrenbestez, hirugarren jarraitzen du Orioko traineruak sailkapen orokorrean, eta 82 punturekin, Zierbena eta Urdaibai bakarrik ditu aurretik. Atzetik, 79 punturekin dago Donostiarra, eta 78rekin Hondarribia. 

Euskotren ligan, berriz, hirugarren egin du Oriok Donostiarraken atzetik, nahiz eta Donostiarrari gertutik jarraitu dion. Bi ontziak segundo bat baino gutxiagoko aldearekin helmugaratu dira, hain zuzen ere, 38 ehunera. Arraun Lagunakek nagusitasunez irabazi du, eta menderaezin jarraitzen du. Nolanahi ere, oriotarrak sailkapeneko bigarren postuan jarraitzen dute, 54 punturekin.

Orio Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide