AZTIren arabera, antxoaren biomasa "batez besteko historikoaren oso gainetik" dago

Onintza Lete Arrieta 2024ko uzt. 22a, 16:30

Bioman kanpainako langileak, datuak jasotzen. (AZTI)

Bioman izeneko kanpaina zientifikoaren behin-behineko emaitzen arabera, espezie horren biomasa 143.000 tonakoa da Bizkaiko Golkoan, eta "ziurtatuta" dago hurrengo denboraldiko kostera.

AZTI zentro teknologikoak jakinarazi duenez, antxoaren biomasa "batez besteko historikoaren oso gainetik" dago. Izan ere, Bioman izeneko kanpaina zientifikoaren behin-behineko emaitzen arabera, espezie horren biomasa 143.000 tonakoa da Bizkaiko Golkoan.

Amaia Barredo, Elikadura, Landa Garapen, Nekazaritza eta Arrantzako sailburuak hainbat adierazpen egin ditu AZTIren datu horietan oinarrituta,  eta esan du "baliabidearen iraunkortasuna ziurtatuta" dagoela, erraz asko gainditzen duelako "populazioaren muga biologikoa markatzen duen 21.000 tonen zifra". Are gehiago, "azkenaldiko datuek nabarmen gainditzen dute kanpaina honek 1987an hasi zenetik dokumentatu duen 80.000 tonako batez besteko historikoa", esan du sailburuak eta AZTIko zuzendariak.

Bioman 2024 kanpaina "ikuspegi ekosistemikoarekin" egin dela azaldu du AZTIk, "ingurumena eta baliabide biziak modu orekatuan kontserbatzea eta erabiltzea sustatuko duen kudeaketa integratua lortzeko helburuarekin". Erakundearen arabera, "espeziearen biomasaren estimazioa egiteaz gainera, beste faktore batzuetan ere jarri da arreta, hala nola sardinaren biomasan, antxoaren elikagaian, harraparien eta beste itsas organismo batzuen presentzian, ugaritasunean eta portaeran, baldintza ozeanografikoetan, gizakiaren jardueretan eta itsas hondakinetan".

Urte bukaeran datu zehatzak

Barredorentzat  "albiste bikaina da" antxoaren biomasari buruzko datu hori, eta euskal erakundeek egindako lana goraipatu du: "Urteetan ingurumenaren eta Euskadiko arrantza sektorearen jasangarritasunaren alde egin dugun apustua balioesten du, Euskadin 3.500 pertsona baino gehiagori lana ematen dion baliabide bat izanik".

Gaineratu du hurrengo denboraldiko kostera "ziurtatuta" dagoela. Hori bai, urte amaierara arte itxaron beharko dutela jakinarazi du "biomasaren behin betiko zifra izateko eta kudeatzaileei aholkua emateko", orduan edukiko baitituzte "beste kanpainetako eta arrantzako flotaren harrapaketetako datuak".

Orio Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide