Euskal Herriko zazpi lurraldeetako 127 gazte ari dira aurtengo Euskarabenturan parte hartzen. Uztailaren 1ean hasi zuten ibilaldia Atharratzen (Zuberoa), eta oinez Euskal Herria zeharkatuko dute hilabete iraungo duen txangoan. Euskaraz biziz, euskal kulturan eta historian sakontzeko helburua du Euskarabenturak, eta baita kirola egin eta naturaz gozatzekoa ere.
Ibilbidean zehar Oriotik igaroko dira aurtengoan, eta eguna zehaztuta dago: asteazkenean, hilak 24, eguerdi partera iritsiko dira herrira Donostia aldetik. Bertan Gure Zirkukoei egingo diete bisita –egunotan jarriko dute zirkua Muntoko belardian– eta Zarautzera jarraituko dute txangoa, han geldialdi luzeagoa egiteko.
127 gazte ari dira espedizioan parte hartzen, tartean Maddi Etxeberria oriotar gaztea.