Asteazkenetik igandera egingo dute Zatoz Olatura sentsibilizazio kanpaina Antillan

Onintza Lete Arrieta 2024ko uzt. 20a, 11:00

Gauzatekako furgoneta.

Hondartzan erabiltzeko bigarren eskuko materiala banatuko dute, eta haurrentzako ekintzak egongo dira.

Zatoz Olatura izenburupean, Gipuzkoako Foru Aldundiko Jasangarritasun Departamentua eta Emaus sentsibilizazio kanpaina egiten ari dira Gipuzkoako hondartzetan "hondakinak behar bezala bereizteko eta biltzeko". Astero hondartza batean egin dituzte ekintzak, eta asteazkenetik igandera, Antillaren txanda izango da. 

Gauzateka furgoneta itxura duen zerbitzu mugikorra da, eta bigarren eskuko materialak eskainiko ditu hondartzan erabiltzeko: baloiak, txanoak, liburuak, palak, snorkel materiala... Material horiek Emausek eta Urbil eta Garbera merkataritza guneek eman dituzte.

Gauzatekarekin batera, jolas eta hezkuntza tailerrak egongo dira haurrentzat eta helduentzat: hondakinetatik abiatuta txotxongiloak sortuko dituzte, edo lokotx bilketan arituko dira hondakinak egoki sailkatuz; baita margotzen eta beste hainbat jardueratan ere.

Hondakin gutxiago sortzea helburu

Helburua da hondakin gutxiago sortzea materialak berrerabiltzea sustatuz eta, halakorik ezean, birziklatzearen bidez kontsumo osteko kudeaketa egokia eginez.

"2024. denboraldiko lehentasuna da arreta jartzea jasangarritasunean, itsasertzean eta plastikorik eta bestelako hondakinik gabeko itsasoan, gaikako bilketa eta garbiketa indartuz eta herritarrak sentsibilizatuz Zatoz Olatura kanpainarekin", azpimarratu dute agintariek.

Orio Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide