Orioko Udala: "Bisiguaren Festa oso festa parte hartzailea izan da"

Onintza Lete Arrieta 2024ko uzt. 16a, 08:30

Bisiguaren Festako boluntarioak marmitakoa banatzen.

Udalak oharra kaleratu zuen atzo arratsaldean, Bisiguaren Festaren "eredua egokitzen" ari dela esateko, eta hori nola gauzatzen ari den arrazoitzeko. Ordu batzuk lehenago, Etxeluze gaztetxearen kritika jaso zuten festa horiek eta udalak berak.

Orioko Udalak Bisiguaren Festaren inguruan oharra kaleratu zuen atzo arratsaldean, azalduz festa horren "eredua egokitzen" ari dela, eta hori nola egiten ari den arrazoituz. Ordu batzuk lehenago, izan ere, Etxeluze gaztetxeak gutun bidez publikoki kritikatu zituen festa horiek eta baita udalaren jarduera ere.

Batetik, udalak adierazi du festa hori antolatzen duela "Orioko arrantza ondarearen balioa nabarmentzeko", eta azken urteotan, "gogoeta egiten" ari dela "festa ereduaren jasangarritasunari buruz". Puntu horretan sakondu du aurrena: "Bisiguaren egoera gero eta eskasagoa da itsasoan: aspaldian galdu zen Bizkaiko Golkoan eta, azken urteetan Gibraltar ingurutik ekarri ostean, Azoreetan arrantzatutakoa komertzializatzen da orain gure jatetxe eta arraindegietan. Garbi utzi zuen hori AZTI ikerketa-zentroko Guzman Diez biologoak, udalaren eskariz ekainean Orion eman zuen hitzaldian (ikusi bideoa hemen)".

Udalak azaldu du bisiguaren egoera horregatik erabaki zuela otorduak murriztea: "Egoera ikusita, udalak eta festaren antolaketan dabiltzan beste eragileek aurten otorduen kopurua erdira murriztea erabaki zuten. Bi bazkari bakarrik eman dira, larunbatean eta igandean; bakoitzean, 220 pertsona bazkaritara. Nabarmentzekoa da aurten bazkaritarako txartela erosi duten ia guztiak oriotarrak izan direla eta udalak ez duela gonbidapenik banatu bazkaritarako", nabarmendu du.

Festa parte hartzaileetan ere jarri du azpimarra Orioko Udalak, eta hori bultzatzeko egindako lana azaldu du: "Programaren barruko jarduera paraleloak indartu ditu udalak: irekiera ekitaldia, larunbat eguerdiko marmitakoa, iluntzeko sardina eta barazki parrillada eta igande eguerdiko elkarteen parrilla lehiaketa. Jarduera horien bidez eta lanean ibili diren norbanako eta eragileen konpromisoari esker, oso festa parte hartzaileak izan dira. Hori da, aurrerantzean ere, udalak bultzatu eta sakondu nahi duen festa eredua: herritarra eta parte hartzailea".

Etxeluze gaztetxearen gutunak diru kontuei ere egiten zien erreferentzia, eta horri buruz ere eman du azalpena udalak, jakinaraziz 40.000 euroko partida izan duela aurten Bisiguaren Festak, eta "ia guztia" berreskuratu duela: "Udalak 40.000 euro inguru gastatu ditu aurten Bisiguaren Festa antolatzen: otorduak, gainerako ekitaldiak, hitzaldia, hitzaldiaren bideoa, txaranga… Eta diru hori ia osorik berreskuratzen du gero, besteak beste txartelen salmentari, tiketen salmentari eta Hazi fundazioaren dirulaguntzari esker".

Erlazionatuak

Orio Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide