Idatzi honen bitartez, Etxeluzeko asanbladak Orioko Bisiguaren Festaren aurkako manifestua egin nahi du. Izan ere, garbi plazaratu nahi dugu ez gaudela ados jai sozio kulturalaren ideologiarekin; horrenbestez, ezta horri urteko aurrekontuetan eman zaion partidarekin ere. Jarraian, gure zioak hezurmamituko ditugu.
Aferan sartu baino lehen, festaren helburuak ulertu behar dira. Badirudi, lortu beharrekoak, herriko alkatearen arabera, "kultura eta ondare naturala nabarmentzeko aukera" –iazko aurkezpenean erabilitako hitzak– ematea eta arrantzale izan direnak omentzea direla.
Hori horrela, festaren funtzionamendua aztertuz, oso elitista dela iruditzen zaigu, eta orobat, era horretako herri gisa saltzen duena. Alabaina, saltzen den irudi hori historian zehar gure herria izan denaren aurka doa; hain justu ere, azken mendeetan, lehen sektorean –arrantzan, batez ere– lan egiteaz biziraun duena baita.
Ildo beretik, jai esklusiboak turismo ez iraunkorra dakar herrira. Bada, hemengo komertzioetan inbertsio txikia egiten da; baina herriko bizi kostua igoarazten du (etxebizitzen alokairuak, herriko zerbitzuak...). Egoera horregatik, herritarron kaudimen ekonomikoan eragiten du. Hori guztia gutxi balitz, festaren bitartez gehien irabazten dutenak jadanik nahikoa ezagunak diren herriko lauzpabost parrilak dira; ondorioz herriko ostalaritza da etekinak jasotzen dituena. Denok dakigu sektore hori langileak prekarizazio larrian edukitzen dituen esparru handienetakoa dela, gure herrian baldintza eskaseko lanpostuak sustatzen dituena.
Gainera, festaren planteamendua bere helburu nagusiaren aurka doa, zeren eta Orion ez baita bisiguaren arrantzarik izan azken mendean. Beraz, asmoa parrila eta arrantza ondareak ezagutaraztea bada, beste produktuen inguruan planteatu beharko litzateke egitasmoa. Are gehiago, azken urteotan erre diren bisiguak atzerritik ekarritakoak dira; beste hitzetan, sekulako kutsadura sortzen dela mahaikideek beraien arrain platera izan dezaten. Azkenik, zentzu gutxi du arrantzaleak beren jardunean –hau da, itsasoan– dauden momentuan egitea horiek omentzeko festa.
Aurreko guztia oinarri izanda, urteko aurrekontuak duen pisu handiari helduko diogu; ezen 74.500 euroko diru partida baitu festak, alegia, herriko gainontzeko festak baino gehiagokoa (Sanikolasek 61.000 eurokoa eta sanpedroek 39.000 eurokoa). Lehen aipatutako arrazoiei eutsiz, Bisiguaren Festa ez zaigu herrikoia iruditzen, ez baitago guztion eskura eskaintzaz gozatzea; hortaz, deitoragarria da herriko festek baino diru gehiago jasotzea.
Egoera horren aurrean, hainbat neurri hartu behar dira. Ondoren guri bururatutakoak adieraziko ditugu: aldaketa errazena, zati bat herriko festen aurrekontuari ematea da. Gainontzekoarekin, berriz, festaren helburua bete nahi bada, benetan herriko ondare diren langileei laguntzak eman diezazkiokegu; hala nola lehen sektorean lan egin eta tradiziozko ogibideak mantentzen dituzten horiei. Hala ere, gure ustez, herrian bizitza duina bermatzeko bideratu daiteke diru kantitate izugarri hori; adibidez, Orioko zaintza sarea osatzeko eta sendotzeko.
Ondorioz, Bisiguaren Festaren inguruko hausnarketa sakona egin behar dela pentsatzen dugu.