Hirugarren eta laugarren izan da Orio Donostiako estropadetan

Juan Luis Romatet 2024ko uzt. 6a, 22:00

Donostian jokatu dira gaur Euskotren eta Eusko Label traineru ligetako estropadak. Bertan izan dira Orioko Arraunketa Elkarteko ontziak.

Donostiak hartu ditu gaur lehen mailako traineru estropadak. Euskotren eta Eusko Label ligetako arraunketa saioak jokatu dira gaur arratsaldez Gipuzkoako hiriburuan.

Hasteko, emakumeen Euskotren ligako estropada jokatu dute. VIII. Fabrika Bandera zegoen jokoan, eta aurreko estropadetan gertatu bezala, Donostia Arraun Lagunak izan da irabazlea, 12:52,38 denborarekin. Bigarren Tolosaldea izan da, irabazleekiko zazpi segundora, eta hirugarren Orio, hamar segundora.

Estropada honen ondoren, sailkapeneko buruan jarraitzen dute donostiarrek, 24 punturekin. Tolosarrak dira bigarren, 20 punturekin, eta Orio hirugarren 19rekin.

Ondoren, gizonen XVI. Fabrika Bandera jokatu dute. Eusko Label ligarako puntuagarria izan den estropa Urdaibaik irabazi du aginte handiarekin. 21:22,33 denborarekin egin dute bermeotarrek lana. Bigarren sailkatu da Zierbena, hirugarren Hondarribia eta laugarren Orio, irabazleekiko 42 segundora.

Sailkapen orokorrean dominatzailea da Urdaibai 36 punturekin eta laugarren da Orio, 27 punturekin. Tartean dira Zierbena (31 puntu) eta Hondarribia (29 puntu).

Bihar, igandean, Zierbenan jokatuko dira bi ligetako jardunaldiak.

Orio Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide