Oriok hirugarren postua eskuratu du Bueuko Banderan

Mireia Galarza Bastida 2024ko eka. 30a, 16:30

Orioko emakumeen taldea, iazko Zarauzko estropadan. (Euskotren)

Eusko Label Ligari dagokionez, bigarren txandan irten da Orio, eta Getariaren aurka gogor borrokatu behar izan du hirugarren postua lortzeko. Azkenean, segundu bat pasatxoko tartearekin, azkarragoak izan dira oriotarrak.

Gaur jokatu dituzte Galizian Euskotren eta Euskolabel Ligako bigarren jardunaldiak. Hain zuzen ere, Bueuko Bandera  izan dute jokoan eskualdeko ontziek, eta zoritxarrez, bandera ez da ez Oriora etorri. Atzoko estropadako emaitzen antzera, gaurkoan ere Arraun Lagunakentzat eta Urdaibairentzat izan dira lehen postuak.

Euskotren Ligari dagokionez, Oriok gogor borrokatu du bere lehen kaletik bigarren postua lortzeko, baina azkenean Tolosaldea 58 ehunen lehenago iritsi da amaierara, eta hirugarren postuarekin konformatu behar izan dute mirotzek. Ohorezko txandan irten diren lau taldeek osatu dituzte sailkapeneko lehen postuak: Arraun Lagunak (10:27,52), Tolosaldea (10:36,50), Orio (10:37,08), eta Donostiarra (10:44,48). 

Eusko Label Ligan ez da ezustekorik gertatu, eta Urdaibaik lortu du garaipena. Dena den, bigarren txandan irten da etxeko trainerua, eta Getariarekin borrokatu behar izan du hirugarren postua. Azkenean, segundu bat pasatxoko tartearekin, azkarragoak izan dira oriotarrak. Honela geratu dira gaurko lehen lau postuak: Urdaibai (19:34,65), Zierbena (19:37,11), Orio (19:44,80) eta Getaria (19:46,32). 

Bigarren taldea, zorterik gabe

Lehenengo txandan irten da Orio, Itsasoko Amarekin batera, eta atzo txanda irabaztea lortu bazuen ere, gaur ez du zorte bera izan. Atzetik joan da estropada osoa, eta hori horrela izanda, azken postuan helmugaratu da talde oriotarra, 22:07,41eko denbora lortuta. Horrek eragina izan du sailkapen orokorrean, eta zortzigarren postutik hamargarrengora jaitsi da. 11 puntu ditu guztira. 

Orio Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide