Emakumeen goizeko estropada eta gero, gizonezkoen txanda izan da arratsaldean Donibane Lohizunen. Ziburuko XXXII. Ikurriña lortzeko lehian ibili dira eskualdeko hiru ontzi –Zumaia, Zarautz eta Orioko bigarren taldea–, baina bandera ez da eskualdera etorri, San Juan indartsuak irabazi baitu estropada –21:09,61–.
Lehenengo txandan irten da Orio, eta lortu du txanda irabaztea –21:42,63– Orsa Hondarribia, Deustu eta Camargoren aurka. Txanda osoan ibili da aurretik, ziabogetan ere azkarrena izan da, baina hori ez da nahiko izan estropadako lehen postutan kokatzeko, eta seigarren amaitu du gaurko estropada. Sailkapen orokorrean zortzigarren postuan dago etxeko bigarren taldea, bederatzi punturekin.