Gaur hasiko dituzte Eusko Label eta Euskotren ligak

Jabi Gonzalez Toston 2024ko eka. 29a, 09:00

Joan den urteko Orioren Euskotren ligako trainerua. (@aitor1898)

Azken urteetan bezala, Galiziako urtean jokatuko dituzte lehenengo bi estropadak Orioko traineruek. Orio B-k, berriz, Donibane Lohizunen (Lapurdi) eta Zumaian izango ditu KAE1 ligako hitzorduak.

ETE eta KAE1 ligak jada abiatuta, gaur arratsaldean jokatuko dituzte lehenengo estropadak maila bat gorago dauden Euskotren eta Eusko Label ligetako traineruek. Bi ligetako ontziek Galiziako uretan ekingo diote denboraldiari aurten ere, eta hantxe izango dira oriotarrak, nor bere helburuekin: gizonezkoak, bigarren txandan lan ona egiteko prest, eta emakumezkoak, banderagatik borrokan. 

Hala, gaurko lehenengo estropada A Coruñan jokatuko dute 17:25etik aurrera, eta bigarrena, bihar, Bueuen, 11:25ean hasita. Bi egunetan Euskotrenekoak izango dira uretaratzen lehenengoak.

ETE eta KAE1 ligetan jardunaldi bikoitza

Asteburuko estropadak ez dira bi liga nagusietara mugatuko; izan ere, ETE eta KAE1eko traineruak ere lehiatuko dira gaur eta bihar. Jardunaldi bikoitza izango dute azken hauek ere: Donibane Lohizunen (Lapurdi) arituko dira gaur, 12:00etan hasita ETE ligakoak, eta 17:30etik aurrera KAE1ekoak, eta, Zumaian, bihar. 11:00etan ekingo diote ETE ligako estropadei eta horiek amaitutakoan hasiko dira KAE1ekoak.

Orioren gizonezkoen bigarren taldeak joan den asteko emaitza hobetu nahiko du ahalik eta talde gehien atzean uzteko eta jaitsiera postutik aldentzeko –hamargarren helmugaratu zen aurreneko jardunaldian–. Iaz lortu zuen mailaz igotzea, eta horri eutsi nahiko dio.

Orio Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide