Asteburu honetan hasiko da traineru denboraldia Orio B taldearentzat, iaz KAE2tik KAE1era igotzeko txartela lortu ondoren.
Igandean jokatuko dute aurreneko estropada, 12:25ean, Pasai Donibanen (Gipuzkoa). Banakako erlojupekoarekin hasiko dute liga, eta lau luze egingo dituzte. Besteak beste Zarauzko eta Zumaiako traineruekin ibiliko dira lehian Orio Arraunketa Elkarteko mutilak.
Astebete geroago, hilaren 29-30eko asteburuan, jokatuko dituzte lehen norgehiagokak Eusko Label eta Euskotren ligetan, eta aurten ere bertan lehiatuko dira Orioko bi traineru nagusiak. Ohi bezala, Galizian hasiko dira bi liga horiek.