1969. urteko ekainaren 28an errebolta izan zen New Yorkeko (Ameriketako Estatu Batuak) Stone Wall tabernan. Egun hartan, gay, lesbiana, transexual, bisexual eta intersexual pertsonek protesta egin zuten, poliziarengandik jasaten zituzten sarekaden kontra. Ordutik, egun hori da Harrotasunaren Eguna.
San Pedro jaiak Harrotasunaren Egunean hasten dira, eta horregatik, iaztik, herriko LGTBIQ+ kolektiboa arduratzen da txupinazoa botatzeaz. "Orion beharra bazegoela ikusita, iazko festen aurretik taldea sortu genuen, herrian lanketa egiteko asmoz. Poliki-poliki taldea handitzen joan zen, eta udalera jo genuen txupinazoari buelta bat emateko proposamenarekin. Izan ere, kolektiboarekin lotutako zerbait esaten zuten suziria jaurtitzerakoan, baina ez zela nahikoa iruditzen zitzaigun. Hala, gure laguntza eskaintzen diogu udalari festa eredu berri bat antolatzeko orduan", agertu dute kolektiboko kideek.
"Badirudi herri txikietan ez dela kontzientziaziorik behar; ez da horrela"
Txupinazoaren egunerako ideiak ematen ditu kolektiboak, besteak beste, kontzertuetarako taldeak edota txosnetarako produktuak (pegatinak, zapiak, banderak..) proposatzen dituzte. Azken finean, kontzientziazio lana egin nahi dute; izan ere, garaiak asko aldatu diren arren, oraindik beharrezkoa izaten jarraitzen duela uste dute. "Herri txikietan kontzientziaziorik ez dela behar ematen duen arren, hori ez da horrela. Iaz pare bat eraso homofobo gertatu ziren, eta aurten ere izan da beste bat. Horiei erantzun kolektiboa eman diegu, baina, hala eta guztiz, beharrezkoa izaten jarraitzen du Harrotasunaren Egunak". Dena den, hori ez da nahikoa kolektibokoen ustez; orain, Hezkidetza Mahaia eratu dute hezkuntzaren arloan, eta han jarri dute mahai gainean kontzientziazioaren gaia. "Gainontzeko kolektiboak ere horren jakitun dira, eta ikastetxeetan ari dira lantzen. Hala ere, maiatza eta ekaina izaten dira gai hauek lantzeko hilabeteak, baina adierazi izan diegu hortik kanpo ere lan egin behar dela. Ezin du hilabete edo hilabete eta erdiko lanketa izan, urte guztikoa baizik. Normalizatu egin behar da, jendea kontziente izan dadin eta ikas dezan", gaineratu dute.
LGTBIQ+ kolektiboa beste festa eredu bat gerturatzen saiatuko da herritarrari
Orioko LGTBIQ+ kolektiboa beste festa eredu bat gerturatzen saiatuko da herritarrari, antolatutako kontzertuekin, kontzientziazio ekintzekin... "Festaz gozatu behar da, baina garbi dugu aldarrikapenak bere tartea izan behar duela jaietan; jendeak jakin egin behar du zer ari den gertatzen, herri mailan lanketa egin ahal izateko. Eta, noski, errespetua izan dadila festen oinarrian, erasorik gabeko egunak izan daitezela”, amaitu dute.