San Pedro jaiak 2024

"Puntu moreak funtsezkoak dira, bertaratzen diren guztientzat giro segurua eta errespetuzkoa bermatzeko"

Erredakzioa 2024ko eka. 24a, 12:00

Emagin taldekoen puntu morea, artxiboko irudian.

Gune morea jarriko dute aurten berriro San Pedro festetan. Ekainaren 28an eta 29an ezarriko dute karpa, eta 01:00ak arte izango dela aurreikusten dute arduradunek. Zerbitzua Emagin elkarteak eskainiko du, eta herritarrek bertan aurkitu ahal izango dutenaren inguruan hitz egin du Orio Gukak Emagineko kideekin.

Zeintzuk izango dira eskainiko dituzuen zerbitzuak?

Orion gune morea deitzen diogun zerbitzua egongo da. Karpa bat jarriko dugu informazio eta material desberdinarekin, jendea kontzientzia dadin jaiek espazio libreak izan behar dutela pertsona guztientzat eta identitate guztiek dutela ondo pasatzeko eskubidea. Horretarako, askotariko materiala banatzen dugu, hala nola pegatinak, txapak eta esku orriak. Helburua da mundu guztiari gogoraraztea jai feministen bila gabiltzala, eta jai horietan ez dagoela lekurik erasoentzako, ezta erasotzaileentzako ere. Autodefentsa feminista bultzatzen dugu karpa moretik. Berez, ez da salaketak jasotzeko eta erasoak kudeatzeko zerbitzu bat, kontzientziazio zerbitzu bat da. Hala ere, zerbait gertatuko balitz, laguntzeko prest egongo ginateke, baina hori ez da zerbitzuaren helburu nagusia. Horregatik ez gara egoten gau osoan zerbitzua eskaintzen.

Zer garrantzi du horrelako gune bat izateak herriko festetan?

Festetako testuinguruan, puntu moreek berebiziko garrantzia dute. Laguntza eta erreferentzia puntuak dira, ekitaldi jendetsuetan indarkeria matxista eta edozein motatako sexu erasoak saihesteko eta horiei aurre egiteko euskarriak dira. Behar dutenei berehalako laguntza eskaintzeko gaitasuna duten profesionalek kudeatzen dituzte, ingurune segurua eta konfiantzazkoa sortuz.

Leku segurua eskaintzen du puntu moreak, nahiz eta hori ez den lehen helburua. Errespetuari, berdintasunari eta indarkeria edo jazarpen egoera baten aurrean jarduteko moduari buruzko hezkuntza materiala banatzen du. Puntu horiek etengabe daude harremanetan udal langileekin, eta horrek edozein gorabeheraren aurrean erantzun azkarra eta koordinatua ematea bermatzen du.

"Autodefentsa feminista bultzatzen dugu karpa moretik"

Gainera, indartu egiten du komunitateak kide guztien segurtasunarekin eta ongizatearekin duen konpromisoa. Horrek konfiantzazko eta errespetuzko giroa sortzen du, eta jaiez beldurrik gabe gozatzeko aukera eman. Puntu moreak komunitatea indartzen du, erasotuak ahalduntzen laguntzen duelako eta babes ukigarria eskaintzen duelako. Horrek salaketekiko eta edozein indarkeria modurekiko tolerantziarik eza sustatzen du.

Puntu moreak funtsezkoak dira, bertaratzen diren guztientzat giro segurua eta errespetuzkoa bermatzeko. Prebentzioak, hezkuntzak eta zuzeneko laguntza lanak erasotuak direnak babesteaz gain, feminismoaren kultura sustatzen dute, komunitate osoa aberastuz. Zerbitzu horiek izatea genero indarkeria desagerrarazteko eta gizarte bidezkoagoa eraikitzeko konpromiso kolektiboaren lekuko da.

Nolakoa izaten da herritarren erantzuna? Zeintzuk izaten dira galdera edo zalantza nagusiak?

Harrera ona izaten du beti zerbitzuak. Normalean jendea festa giroan egoten da, baina, hala ere, interakzioak oso positiboak dira eta babesa jasotzen dugu. Galdera eta zalantzei dagokienez, batez ere, ordutegiaz galdetzen dute, segurtasuna ematen baitie horrek, eta gainerakoan, feminismoarekin lotutako elkarrizketa eta eztabaida oso interesgarriak sortzen dira. Askotan, galderak baino ohikoagoak dira iruzkinak, eta bakoitzaren iritzia entzuten dugu; hortik pedagogia lana egiten dugu.

"Neskak eta nortasun nahiz orientazio disidenteak dituzten pertsonak hurbiltzen dira batik bat"

Zer profiletako jendea joan ohi da?

Emakumeak eta nortasun eta orientazio disidenteak dituzten pertsonak hurbiltzen dira gehien. Normalean, gazteak hurbiltzen dira, baina badira txapa bat egin eta zerbitzuaz gozatzen duten helduak ere. Gaueko ordu txikietan, batez besteko adina asko jaisten da, eta batez ere neska gazteak etortzen dira. Mutilak modu lotsatian hurbiltzen dira batzuetan, edo kuadrillako emakumeek 'tiraka' eramaten dituzte; hala ere, haiek ere gonbidatuta daude karpara etortzera, mutilei zuzendutako materiala ere badugu gune morean eta.

Kasu baten aurrean, zer pauso jarraitzen dituzue?

Lehenengo gauza gugana jotzen duena entzutea da, eta eraso baten ondorioz datorren pertsonari ahalik eta espazio seguruena eskaintzea. Zerbitzua ez denez erasoak artatzera bideratzen, batzuetan zaila egiten zaigu horrelako espazio bat bilatzea, baina lehentasunak aldatzen ditugu eta beharrezkoa bada puntu morea une batez ixtea, arazorik gabe egiten dugu. Entzutean, unean uneko beharrak zein diren identifikatu behar dugu, eta zer ase dezakegun ikusi.

Orio Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide