Noiz hasi zinen Pello eta Nikolasaren taldean laguntzen?
2012. urtekoak dira Pello eta Nikolasa. Gu geroago hasi ginen taldean; zortzi edo hamar urte izango dira. Jendea falta zen herriko erraldoiak dantzatzeko, eta guraso talde bat animatu ginen.
Zenbat lagun zabiltzate?
Sei-zortzi lagunek osatzen dugu taldea, baina gutxitan biltzen gara guztiak, umeen eta gurasoon agenda geroz eta estuagoa baita, eta norbaitek huts egiten du beti. Aukeran, taldekide berriak gustura hartuko genituzke, eta bakarren bat animatu da azken deialdietan. Giro ederra dugu, familiako planak egiten ditugu kalejira egunetan; etxeko txikiek ere erraldoiak dantzatzen dituzte, eta gure aurretik joaten dira.
Azkenaldian festetako egitarauaz kanpo ere atera dira Pello eta Nikolasa kalera.
Udazkenean Nafarroako Eguesibarreko taldearen bisita izan genuen; Jorge Oteizaren erraldoiak jaiotetxean hasi zuen Orioko kalejira. Oso esperientzia ederra izan zen guretzat, Nafarroa erraldoien tradizio handiko eremua delako eta konpartsek nola funtzionatzen duten ikasteko aukera izan genuelako. Bide horretan jarraitu nahi dugu, eta duela aste batzuk, artisau azokaren barruan, Lazkaoko [Gipuzkoa] Mari eta Basajaun etorri ziren. Lazkaokoa duela urte gutxi hasi eta indartu den taldea da. Datorren urtean joango gara Eguesibarrera eta Lazkaora. Aurten bizpahiru bidaia aurreikusten ditugu: apirilean San Telmo festetan izan ginen herriko txarangarekin batera, arratsalde ederra pasatu genuen repetizioetan; uztailean Azpeitiko erraldoien topaketan izango gara lehendabizikoz; eta asmoa da egunen batean Vilafranca del Penedesera joatea.
San Pedro festetan bisita berezia izango duzue.
Bai, San Pedro bezperan eta San Pedro egunean hemen izango ditugu Vilafranca del Penedes herritik etorritako bi figura, historia handia dutenak, Drac eta Aliga. Vilafrancako Festa major Kataluniako berezienetakoa da, eta figura oso ezberdinak dira, horizontalak biak. Dragoia da ezagunena, historialariek XIIIXIV mendeetan kokatzen dute haren sorrera, eta Kataluniako ondare izendapena duten ondasunen inbentarioan dago. Ia lau metroko luzera du, eta 115 kilo pisatzen ditu. Ikusgarria da, figura ederra izateaz gain, sua eta soinua baliatzen ditu ibilbidean zehar. Aliga ere Kataluniako zaharrenetakoa da, 1.600 urte ingurukoa. Dantza solemneak eta kalejirako dantzak tartekatzen dituzte taldeko dantzariek. Guztira 30-35 lagun etorriko dira Oriora, eta orain ari gara antolaketa lanak fintzen: ohiko ibilbideak aldatu behar izan ditugu segurtasuna indartzeko, eta ordutegiak atzeratu ditugu sua iluntzean hobeto ikusiko delakoan. Hala ere, historia handiko talde hauetatik ikastea da gure asmoa; asteburu ederra pasatzea espero dugu.
Festarik ez Pello eta Nikolasa gabe
Bata arrantzalea eta bestea saregilea, Pellok eta Nikolasak pisu handia dute Orioko festetan. Izan ere, bikote hori gabe ez da festarik herrian. Sanpedroetan berriro herriko kaleetara aterako dira, hiru egunez, oriotarrak dantzan jartzeko asmoz.
Hona hemen egunak eta egun bakoitzeko ibilbidea: