San Pedro jaiak 2024

Festa goxoaren osagaiak

Erredakzioa 2024ko eka. 19a, 10:08

Iazko Arrantzale Eguneko irudia. (Rosana Arruti argazki estudioa)

Kazuela berean osagai asko sartu behar dira otordu goxoak prestatzeko. San Pedro jaietako Arrantzale Eguna da otordua, eta osagaiak, berriz, bertan parte hartzen duten herritarrak. Osagai horien baturak Arrantzale Egun zaporetsua egiten du.

Zapore ona lortzea kimika kontua da. Sukaldaritzaren munduari dagokionez, osagai bakoitzak berebiziko garrantzia du otorduen sorkuntzan. Osagai desberdin horien arteko aukeraketa ez da, ordea, zapore kontua soilik, azken emaitzaren testuran, itxuran eta kalitate orokorrean ere eragina du. Hala, osagai naturalek eta kalitate onekoek aberastasuna eta zaporea eskaintzen dituzte. Aukeraketa horrek kontsumitzailearen esperientzia sentsorialean eragiteaz gain, sukaldariaren filosofia eta balioak ere islatzen ditu.

Gauza bera gertatzen da festekin. Hamaika ekitaldi antola daitezke, baina ekitaldi horietako osagaiek izango dute arrakastaren erantzuna. Horrela, osagaiak freskoak eta gertukoak izateak garrantzi berezia du jaiak ondo joateko, eta horren adibide garbiena da sanpedroetako Arrantzale Eguna. Bertan parte hartzen duten osagai desberdinak dira, besteak beste, dantza, arrantza ondarea, saregileei eta arrantzaleei omenaldia, talde lana, jan-edana edota joskintza. Bertakoak, gertukoak diren osagaiak dira, denek ezagutzen dituzten izen-abizenak dituzte, eta osagai horiek guztiak ezagutzeko festaren antolatzaileen eta parte hartzaileen hitzak jaso ditu Orio Gukak:

Maitane Mujika

Dantzaria da Maitane Mujika txikitatik, Arrantzale Egunaren antolaketan lagun dituen Koro Sarasola, Marijo Salsamendi, Karmele Blanco eta Eneko Dorronsoro bezala. Boskotea da elkarlan handi horren motorra.

"Dantza munduak elkartzen gaituen bost laguneko taldetxo bat gara. Lehendabiziko aldiz, 2017. urte hasieran elkartu ginen San Pedro jaien inguruan gogoeta egiteko asmoz. Festa parte hartzaileak izatea nahi genuen, eta inudeak eta artzainak gaitzat hartuta, egun osoko jaia antolatu genuen. Hurrengo urtean, 2018an, aurreko urteko jaiak izandako arrakastari eutsi nahian, Antzinako ezkontza ospatu genuen. Eta 2019an, berriz, aurrenekoz, Arrantzale Eguna antolatu genuen. Hiru festak gure ondare kulturalarekin lotutako gaien ingurukoak izan badira ere, azkenak, Arrantzale Egunak, badu kutsu berezi bat: herriari urteetan errotuta duen izaera ematen dio".

Jon Mugika

Jon Mugika arrantzale jubilatua da, eta bera da gaur egun Arrantzaleen Kofradiako presidentea.

"Lehen San Pedro festak arrantzaleen festak izaten ziren, antxoa denboraldia amaitu eta hegaluzearen kostera hasi bitartean ospatzen ziren, eta Kofradiak bere gain hartzen zuen antolaketaren gastuaren zati bat. Ederra da Arrantzale Eguna berreskuratu izana: Orio herri arrantzalea izan da eta da, nahiz eta gaur egun bapore gutxi ditugun moilan. Kofradiatik arrantzale eta saregile jubilatuei dei egiten diegu ekitaldi nagusiko omenaldira joateko. Banan-banan abisua pasatzea lan nekeza da; horregatik, deialdi publikoa egin dugu. Gu festarako prest gaude, bazkariko txartelak hartu ditugu eta".

Iñigo Gaztañazpi

Urtetik urtera, dantzarien parte hartzeak nabarmen egin du gora Arrantzale Egunean. Iaz, 80 dantzari inguruk parte hartu zuten: haur, gazte eta heldu. Parte hartzeko deia Aste Santuko oporrak pasatutakoan egiten dute formalki, eta maiatzaren erdialdean hasten dituzte entseguak. Gaztetxean elkartzen dira asteazkenero, 19:00etan. Dantzari horietako bat da Iñigo Gaztanazpi.

"Ez naiz dantzaria izan, baina Jaione bikotekidea eta biok beste guraso batzuekin animatu ginen duela bi edo hiru edizio. Ilusioz hartzen dugu erronka;festa barrutik bizitzeko modua ematen digu, eta oso ondo pasatzen dugu entseguetan eta egunean bertan. Dantzak ez dira batere zailak, dantzan gutxiago aritu garenak ere egiteko modukoak dira. Axuri Beltzarekin izaten dugu lanik handiena kalejiran. Ondoren, plazan, emanaldi laburra eta polita izaten da: kaxarranka, sardinerak, batelerak, agurra... dantzari askok parte hartzen dugu".

Iazko Arrantzale Eguneko dantza. (Rosana Arruti argazki estudioa)

Antxon Mendizabal 'Mendi '

2024. urtean inbertsio batzuk ere egin dituzte; hiru, nagusiki: Orio Arraunketa Elkarteko arraunak egokitu ditu Imanol Urkizuk bateleren dantzarako, kaxarranka gainean dantzatzen duen dantzariaren arropa sortu du Ramon Garcia euskal jantzietan adituak, eta, azkenik, kaxarranka egin du Antxon Mendizabal Mendi herriko artistak.

"Orioko Udalaren, Arrantzaleen Kofradiaren eta Arrantzale Egunaren bultzatzaileen deia jaso nuenean, ohorea eta ardura sentitu nuen; artisau gutxi gelditzen gara, eta halako lanak asko eskertzen ditugu. Enkarguzko kutxak egiten esperientzia handia daukat, halere. Lekeitioko [Bizkaia] kutxa hartu dugu eredu, haren neurriak eta argazkiak. Gaztain egurrarekin egin dugu kaxarranka, sendotasuna emateko. Orain ospatzea tokatzen da; familian ospatu izan dugu Arrantzale Eguna; aitona ere arrantzalea zen, eta gustuko dugu gogoratzea".

Elena Errasti

27 urte daramatza Elena Errastik Danbolin musika eta dantza eskolako zuzendari lanetan. Aurten lehenengoz arituko dira musika eskolako kideak Arrantzale Eguneko kalejiran eta ekitaldian.

"Herrian egiten diren beste festa askoren kasuan bezala, Danbolin musika eta dantza eskolako irakasle eta ikasleek poz-pozik jaso genuen antolatzaileen gonbita. Musikariak herrikoak izango dira, eta aspaldi samar koordinatu genituen egunean zehar joko eta dantzatuko ditugun piezak. Musika eskolako kideek soka dantzan, Pello eta Nikolasaren kalejiran eta bandaren kontzertuan parte hartuko dute".

Aitzol Arrospide

Muskuilu Harria elkarte gastronomikoko kide da Aitzol Arrospide, eta urtero sardinak erretzen ditu Arrantzale Egunean herritarrei eskaintzeko. Aurten, ordea, egun horretan beste modu batera parte hartuko duela aurreratu du: dantza egingo du.

"Iaz, denon artean, festa oso polita antolatu genuen Arrantzale Egunerako; dantzariek giro ederra jartzen dute ospakizunean, eta, gainera, erretzen jarri genuen jenero guztia saldu zen: sardina denak amaitu ziren. Ederra lizateke aurten plazan postu gehiago jartzea, ea beste elkarte gastronomikoak animatzen diren hirugarren postu bat jartzera".

Orio Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide