Badatoz aurten ere San Pedro jaiak. Halaber, badatoz ospakizunarekin batera ikasturte amaiera, uda usaina eta, noski, gozatzeko parada ederra. San Joan jaietako ajea guztiz pasatu gabe, txupinazoaren jiran hasiko da herria girotzen. Hortik aurrera, ohiko kalejira, kontzertu eta abarrak izango ditugu kaleetan, harik eta herria adin guztietako arrantzalez beteko zaigun arte ogibide horri eskainitako egunean. Ohi bezala, egitarauak adin tarte guztiak hartu baititu aintzat. Zorteko gara, beraz, urteak pasatu ahala San Pedro jaiek oinarri herrikoi, euskaldun eta errespetuzkoari ondo eutsi dioten heinean. Ez da meritu txikia, boladan dauden joerak eta euren eragina ikusita.
Dena dela, ospakizunak baditu bere itzalak ere; ez Orioko San Pedro jaiek bereziki, baizik eta oro har ezartzen ari den euskal festa ereduak. Besteak beste, herriko kultur eragileok hori izan genuen hizpide Orioko Kultur Egoeraren Plan Estrategikoaren diagnosi fasean. Izan ere, asko bat etorri ginen honakoan: auzolanaren gainbehera nabarmena ari da gertatzen nola euskal festa herrikoietan, halatsu Orioko jaietan. Garai batetik hona asko jaitsi da herritarrek festen antolaketan duten parte hartzea, bereziki gazteen artean. Hala, funtsezko osagai horren berreskurapena jomuga, lanean aritu beharko dugu hemendik aurrera.
Ondorioz, jarrai bezate festa hauek giro herrikoi eta begirunetsuaren eredu izaten. Hori ziurtzat eman dezakegunez, aurrerantzean, espero dezagun herrigintzaranzko bihurgunea hartuko dugula aurten abiatu den kultur hausnarketaren bultzadapean.