III. Eragin Eguna ekainaren 22an ospatuko du eskubaloi klubak

Andrea Zipitria 2024ko eka. 13a, 09:00

I. Eragin Eguna.

Lagunarteko eskubaloi partidekin hasiko dute eguna, eta bazkaria izango da ondoren, pergolan. Bertaratu nahi dutenek txartelak hartu behar dituzte Arkaitzen edo Sukian.

Eskubaloi denboraldia bukatu berritan, ohitura bilakatu da Eragin Eguna ospatzea. Aurten, hirugarren urtez jarraian izango da Orio Eragin klubak antolatutako ospakizuna, hilaren 22an. Asmoa da urte osoan zehar eskubaloiaren bueltan dabiltzan jokalariak, entrenatzaileak eta euren familiak biltzea eta elkarrekin egun polit bat igarotzea.

Horregatik, guraso eta jokalarien arteko lagunarteko partidekin hasiko dute eguna. Kiroldegian eta kanpitoan izango dira partida guztiak, orotara, bederatzi. Hain zuzen ere, 09:30ean hasi eta 13:30era arte, eskubaloia izango da protagonista. Eguna kirolarekin hasiko badute ere, guztia ez da izango izerdia botatzea. Jan-edanak eta musikak izango dute beren lekua egunean zehar. 13:45etik 15:00etara trikipoteoan ibiliko dira herrian zehar, eta, jarraian, bazkaria egingo dute Euskal Parrillaren eskutik, pergolan.

Txartelak salgai

Bazkarirako txartelak eskuragarri daude dagoeneko; helduen menuak 22 euro balioko du, eta haurrenak, 15 euro. Entsalada, iberikoak, baserriko oilaskoa parrillan, txerri saiheskia parrillan, goxua, edaria eta kafea izango dira helduentzat. Haurren menua, berriz, ondorengoa izango da: iberikoak, urdaiazpiko kroketak, baserriko oilaskoa parrillan patatekin, izozkia eta edaria. Antolatzaileek iragarri dutenez, herri bazkarian parte hartu nahi dutenek sarrerak salgai dituzte Arkaitz eta Sukia tabernetan, igandera arte. Intolerantzia edota alergiaren bat dutenek, berriz, adierazi egin beharko dute orioeskubaloia@gmail.com helbidera mezu bat idatziz. Bazkalostean etxera joan nahi ez duten horientzat Bide Batez erromeriak girotuko du ikastolako pergola, eta «sorpresaren bat» egongo da.

Orio Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide