Asteburuan une askotan ez da giro izan Antilla hondartzan jokatu den Euskal Herriko hondartzako eskubaloi txapelketan, euria eta haizea egin baititu. Hori bai, atzo finalak iritsi aurretik atertu zuen, eta horiek giro onean jokatu zituzten kategoria desberdinetan bazkalondoan.
Gipuzkoako eta Bizkaiko 12 herritako 52 taldek parte hartu dute txapelketan: Zumaia, Zarautz, Usurbil, Irun, Orio, Basauri, Barakaldo, Getxo, Bilbo, Mundaka, Bermeo, Muskiz eta Sestao lehiatu dira.
Larunbatean nahiz igandean egun osoz aritu ziren lehian, eta atzo bizkaitarrak iritsi ziren finalera senior mailan: gizonezkoetan Muskiz eta Barakaldo aritu ziren nor baino nor (Muskizentzat izan zen garaipena) eta emakumezkoetan Erromoko (Getxo) bi taldek jokatu zuten finala. Taldeetako bat jubenilena zen, eta seniorren taldeak irabazi zuen partida.
Finaleko bi norgehiagoka horietan partaideak umoretsu zelairatu ziren eta gizonezkoen partidako epaileak ere animatu zuen norgehiagoka, une batzuetan txiribuelta eginez pitatu baitzituen golak.
Neska kadeteen finalean ere irribarreak izan ziren nagusi, zarauztarrek zarauztarren kontra jokatu baitzuten partida.
Orio Eragineko 50 boluntario aritu dira jo eta su dena antolatzen –baita txosnan jan-edana eskaintzen ere–, eta egunotan egingo dute txapelketaren balorazioa.
Sailkapena
- Kadete mutilak:
- 1.Sestao
- 2.Muskiz
- Kadete neskak:
- 1.Zarautz Txuria
- 2.Zarautz Beltza
- Jubenil mutilak:
- 1.Muskiz
- 2.Arangoiti
- Jubenil neskak:
-
- 1. Erromo
- 2.Zarautz Beltza
- Senior mutilak:
-
- 1.Muskiz
- 2.Barakaldo
- Senior neskak:
-
- 1.Erromo
- 2.Erromo (jubenilak)