Kadete, jubenil eta senior mailako Euskal Herriko hondartzako eskubaloi txapelketa gaur goizean hasi da Antilla hondartzan –aurrerago beste hiru herritako hondartzetan izango dira lehiak–, eta guztira 52 talde ariko dira nor baino nor. Eguerdirako giro polita sortu da hondartzan bertan nahiz inguruan, lagun asko gerturatu direlako partidak ikustera. Orio Eragin eskubaloi klubak, gainera, txosna jarri du ohi bezala, eta bi egun hauetan 50 boluntario ibiliko dira bai txosnan, bai antolaketa lanetan.
Etxeko klubeko sei taldek parte hartuko dute txapelketan: seniorretan Zuhegan taldeak, jubeniletan Dhemen eta Sinergiak eta kadeteetan Occident, Susa eta Zudugaraik. Infantiletako BTS, Sukia, Boga Boga Atxega eta Zipri ere izango dira, baina horiek txapelketa ofizialetik kanpo dagoen lehiaketa egingo dute.
Inguruko klubetako taldeak ere animatu dira, zarauztarrak eta zumaiarrak kasu, eta Bizkaiko hainbat talde ere bertan dira lehian.
Bai gaur, bai bihar, 09:45ean jarri dute hasiera ordua; gaur 19:45ean amaituko dira partidak, eta bihar, igandea, lehenago, 16:45ean.