Kronoigoera antolatu dute sanpedroetarako Goiko Kalen gora

Onintza Lete Arrieta 2024ko eka. 7a, 12:00

Txirrindulari bat Goiko Kalen gora. (Orioko Udala)

Garai batean Goiko Kaleko festetan egiten zen bizikleta proba berreskuratu du Aldapa elkarteak, eta izena emateko epea zabalik dago jada.

Orioko Udalak jakinarazi du bizikletako Kronoigoera egingo dela San Pedro egunean, ekainaren 29an. "Aldapa elkarteak garai batean Goiko Kaleko festetan egiten zen bizikleta-igoera errekuperatuko du, eta antolatzaileek herritarrak animatu nahi dituzte parte hartzera, besteak beste, plazan eta Goiko Kalean ezin delako bestela bizikletan ibili, oinezkoentzako baita".

Bizikleta proba 11:30ean hasiko da, eta bi kategoria bereiziko dituzte: 8-14 urte artekoak plazatik Pillikura igo beharko dute, eta 14 urtetik gorakoek, berriz, plazatik San Martinera.

Errepideko eta mendiko bizikletekin, bizikleta elektrikoekin eta bizikleta bereziekin parte hartu ahal izango da, "parte hartzea sustatzeko". Hori bai, parte hartu ahal izateko derrigorrezkoa izango da kaskoa erabiltzea.

Partaide guztientzat "sari ugari" egongo direla ere esan dute: txapelak, Arkupe elkarteko loteak, maillota…

Izen-ematea zabalik dago ekainaren 22ra arte herriko ikastetxeetan, kiroldegian eta Kolon Txikin.

Orio Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide