Aurten ere Orion egingo dute Euskal Herriko hondartzako eskubaloi txapelketaren zati bat. Guztira lau sede izango ditu txapelketak, eta lehenengoa izango da Oriokoa. Asteburu honetan bertan da hitzordua Antilla hondartzan, eta partidak goizetik iluntzera izango dira larunbatean; igandean ere goiz eta arratsaldez jokatuko dituzte, nahiz eta goizago amaituko den lehia bigarren egunean.
Kadete, jubenil eta senior mailako lehiaketa da, eta guztira 52 taldek eman dute izena; Orio Eragin eskubaloi klubeko sei taldek parte hartuko dute txapelketan: seniorretan Zuhegan taldeak, jubeniletan Dhemen eta Sinergiak eta kadeteetan Occident, Susa eta Zudugaraik. Infantiletako BTS, Sukia, Boga Boga Atxega eta Zipri ere izango dira, baina horiek txapelketa ofizialetik kanpo dagoen lehiaketa egingo dute.
Txapelketa asteburuan jokatuko den arren, ostiral arratsaldean eskolakoen topaketa txiki bat egongo dela azaldu du Orio Eraginek, eta herriko taldeek bertan entrenatuko dutela.
Ohi bezala, hondartzako pasealekuan txosna jarriko du klubak jan-edana eskainiz, eta hori ostiral arratsaldean bertan zabalduko dute.
Txapelketaren ordutegia, berriz, honakoa izango da: larunbatean 09:45ean hasi eta 19:45ean amaituko da, eta igandean 09:45ean hasiko da eta 16:45ean amaitu.