Euskadiko traineru txapelketa jokatuko dute igandean Donostian

Juan Luis Romatet 2024ko eka. 7a, 11:00

Gipuzkoako txapelketa irabazi duen Badok 13 Euskadikoa irabaztera aterako da bihar.

Beteranoen eta senior mailako estropadak izango dira igandean goizeko 11:00etatik aurrera. Emakumeen ontziak eta Badok 13 beteranoen traineruak ordezkatuko dute Orio.

Pasa den asteburuan jokatu zituzten Gipuzkoako eta Bizkaiko traineru txapelketak eta etzi, igandean, Euskadiko traineru txapelketaren txanda izango da. Donostiak hartuko du traineru lehia goizeko 11:00etatik aurrera. Beteranoen, emakume seniorren eta gizon seniorren estropadak izango dira biharkoan.

Eskualdeko bost ontzi arituko dira banderaren bila Donostiako uretan. Orio Gipuzkoako txapelketa irabazi zuen Badok 13 beteranoen ontziak eta emakumeetan laugarren izan ziren traineruak ordezkatuko ditu. Eskualdeko beste klubei dagokionez, Zumaiak bi ontzi uretaratuko ditu, emakume seniorretan eta beteranoetan bana. Gipuzkoako txapelketan maila handia erakutsi zuen Getariako Esperantza –bigarren izan zen Hondarribia irabazlearen atzetik– ere lehiakideen artean izango da, gizon seniorren kategorian. 

Beteranoen traineruekin hasiko da txapelketa, goizeko 11:00etan. 2.778 metro egingo dituzte arraunlari hauek, bi luze eta ziaboga batekin. Distantzia berea eta luze eta ziaboga kopuru bera egingo dute emakumeek. Hauen estropadak 12:00etan hasiko dira, behin beteranoen lana amaitzean. Bukatzeko, 13:00etan gizon seniorren txanda izango da: lau luze egingo dituzte, hiru ziabogarekin, eta bete beharrek distantzia 5.556 metro izango da.

Bihar, Lekeition

Lekeition jokatu dira traineru estropadak larunbat goizean. 10:30ean hasita, gizonen XLV. ikurrina eta emakumeen XIII. ikurrina jokatuko dira. 

Emakumeen estropadek emango diote hasiera gaurko jarduerari. Lehenbizi erlojupeko estropada jokatuko dute –Zarautzek hartuko du parte bertan–, eta ondoren lineakoa –Zumaia izango da partaideen artean–.

Ondoren, gizonen txanda izango da. Erlojuaren aurkako estropadan hartuko du parte Orio Arraunketa Elkarteko B ontziak, eta jarraian, lineakoan, A ontzia. Azken txandan arituko da Orio Bermeo-Urdaibai, Isuntza eta Kaikurekin.

Orio Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide