Eskuzko pilota eta pala txapelketak jokatuko dituzte Aian, herriko kirol elkarteak antolatuta, udan zehar. Izen-ematea, bihar itxiko da. Beraz, parte hartu nahi dutenek, aurrez egin beharko dute inskripzioa. Horretarako, kultur etxean, 943 13 09 24 telefono zenbakira deituta edota aiakoke20@gmail.com helbidera idatzita eman daiteke izena. Bikotekako lehian parte-hartzaileetako kide batek, gutxienez, aiarra izan beharko du, eta bakarkakoan aiarrek soilik parte hartu ahal izango dute.
Hona hemen txapelketa bakoitzeko xehetasunak:
Eskuzko pilota txapelketa
Eskuzko pilota txapelketa sei kategoriatan banatuko dute: Mutiletan 10 urte artekoak, 11- 15 urte bitartekoak eta 16 urtetik gorakoa; azken hauek banaka lau t' erdian edo binaka arituko dira. Nesken lehian, berriz, bi adin-tarte zehaztu dituzte: 13 urte bitartekoak eta 14 urtetik gorakoak.
Pala txapelketa
Pala txapelketan mutilak binaka edo banaka lehiatuko dira. Binaka hiru adin-tarte zehaztu dituzte: 10 urte bitartekoak, 11-15 urte artekoak eta 16 urtetik gorakoak. Dena dela, nagusienen kategorian bi maila –lehenengo maila eta bigarren maila– zehaztu dituzte eta parte hartzaileek izena ematerakoan zehaztu beharko dute zer mailatan jokatu nahi duten. Gizonezkoen banakako lehian, berriz, 16 urtetik gorakoak arituko dira. Nesken mailan ere hiru kategoriatan banatuko dute lehia, aurretik azaldutako adin tarteen arabera.
Finalak
Kategoria guztietan set erara jokatuko dituzte partidak. Pala txapelketako finala uztailaren 31ean jokatuko da eta esku pilotakoak abuztuaren 7an goizez, San Donato eta San Lorentzo jaien egitarauaren barruan.