Belak zabaldu, eta Orioko moilatik Pasaiarantz abiatu dira gaur 13:00 aldera zortzi bat ontzi tradizional, han gaur arratsaldean hasiko baita Pasaiako III. Itsas Festibala. Ontzi gehienak Zumaiako Beduola elkartearenak dira, bost metro luzeko batelak: Magallanes, Xabier, Kresala eta Andrea. Habana ontzia –partikular batena– eta Euskal Bateleroen elkarteko Ontzi espirituala ere Oriotik abiatu dira. Baita denetan handiena ere: Juanita Larando patatxa.
Ontzi bakoitzean bizpahiru lagun abiatu dira, eta hogei inguru, berriz, patatxan, gehienak Albaolako boluntarioak eta ikasleak, baina oriotar batzuk ere animatu dira arraun egitera; besteak beste, Jose Inazio eta Ander Atorrasagasti aita-semeak –Orio Arraunketa Elkarteko elastiko eta guzti– eta Esteban Gozategi –Albaolan arotz lanetan aritu den aditua–.
Jende dezente elkartu da moilan ontziak agurtzeko, tartean herriko pare bat ikasle talde, eta txalo artean atera dira ontziak. Aurrez, hitz batzuk egin dituzte Anuska Esnal Orioko alkateak eta Teo Alberro Pasaiako alkateak, eta baita Albaolako lehendakari Xabier Agotek ere. Azken hori ez da asko luzatu hizketan, marea behera aprobetxatu nahi zuelako itsasorantz abiatzeko.
Hedabide hau gaurko protagonistetako batzuekin bildu da horiek ontzietara igo aurretik.
Atzo, hitzaldia
Tradizioaren eta berrikuntzaren arteko esperientzia konstruktiboak izenburupean, hitzaldia eskaini zuten atzo arratsaldean Mutiozabalen aurreko plazan Euskal Itsas Museoko zuzendari Xabier Alberdik, Galiziako Fuertespenedo Arquitectos elkarteko Oscar Fuentes Dopicok eta Lago Fernandezek, eta Chiloé artxipelagoko Daniel Bravo Silva itsas ingeniari eta nazioarteko bela-nabigatzaileak, eta Almonacid aita-seme arotzek.
Jende asko bertaratu zen solasaldiaz gozatzera, eta ordu eta erdiz aritu ziren azalpenak eta informazioa ematen sei lagunak.