Orioko Udalak herriko kultur egoeraren plan estrategikoa jarri du abian. Herriko elkarteen artean talde-dinamikak egiten ari dira, eta herritarrei galdetegi bat zabaldu diete. Galdetegi hori bete daiteke esteka honetan, horretarako azken eguna izango da bihar. Xabier Ibarguren kultura zinegotziak azaldu duenez, lanketak helburua du kultur ohituren eta herriko eskaintzaren gainean "gaur egungo beharrak identifikatzea eta aurrera begirako lan-ildoak ezartzea".
Herritarrekin egin nahi du bidea udalak, eta bost helduleku markatu dituzte horretarako: "kultur taldeen beharrak eta beren arteko harremana, kultur ekipamenduen diagnosia eta urtetako plangintza, Orioko agenda bateratuaren indarguneak eta hutsuneak, Orioko kultur mugimenduaren zehar-lerrotasuna eta udal-politikek aurreko lau puntuei ematen dioten erantzuna".
Plan estrategikoa osatzeko prozesua diagnosi fasean dago orain, eta azken asteotan lau talde-elkarrizketa egin ditu udalak, Elhuyar Fundazioko profesionalen laguntzarekin. Talde-elkarrizketa horietatik eta galdetegiaren bidez jasotako erantzunekin, etorkizuneko asmoak eta egitekoak idazten hasiko dira, Aste Santuaren ostean.
Zentzu honetan, Ibargurenek herriko eragileen garrantzia azpimarratu du: "Kultur eragileek pista asko emango dizkigute etorkizunean behar duguna identifikatzeko: azpiegituren arloan aukera berriak izango ditugu aurki, kultur agendan orain arteko ohitura eta inertziak hausteko aukera eman diezaguke gogoetak…".
Hala, etorkizuneko ekitaldietako proposamenak jasotzeko balioko du gogoetak, baina baita ere "eragile eta herri mugimenduaren parte-hartzea indartu eta aktibatzen jarraitzeko", borobildu du.