Orioko Udalak txakur-gorotzak jasotzeko poltsak arduraz erabiltzeko deia egin du. Izan ere, poltsen kontsumoa "nabarmen igo" dela azaldu du; "urtean 45.000 erostetik, bikoitza erostera igaro da udala".
Horrez gain, kale-garbiketako langileek udalari aditzera eman diotenez, poltsa berriak jarri eta "berehala" hutsik topatzen dituzte kutxak sarritan; kasu askotan, "egun batetik bestera".
Horregatik, poltsak arduraz erabiltzeko deia egiten die udalak txakurren jabeei eta herritarrei. "Poltsak neurririk gabe edo beste helburu batekin erabiltzen badira, hondakin gehiago sortzen da, eta, gainera, poltsarik gabe geratzen dira horien benetako erabiltzaileak: beren txakurren gorotzak jaso nahi dituzten jabeak", azaldu dute. Poltsa horiek herriko bederatzi tokitan hartu daitezke, doan.