GueraraOrio elkarteko kide Lamat Ali 2015ean iritsi zen Oriora Aljeriako Saharako kanpamentuetatik, eta helburu bat zekarren berarekin: "Herrikideen egoera hobetzea". Iritsi zenetik beti parte hartu izan du Orion Sahararen alde egiten den janari bilketetan, eta horrek duen garrantzia azpimarratu du: "Oso garrantzitsua da bakoitzak ahal duen moduan bere ekarpena egitea, kanpamentuetan baliabideak oso urriak direlako eta bertan bizi direnek, nahitaez, laguntza eskatu behar dutelako bizi ahal izateko".
Urritasuna
Duela 20 urte hasi ziren Sahararen aldeko janari bilketa egiten Orion, eta nahiz eta Alik bost urte daramatzan antolaketa taldean, azken urte hauetan izandako garapena bertatik bertara ikusteko aukera izan du. "Urtetik urtera jende gehiagok parte hartzen du janari bilketan, eta herriak gero eta inplikazio gehiago erakusten duela uste dut", adierazi du. Horrekin argi utzi du laguntza gero eta handiagoa dela, baina bere ustez, "egiten den ekarpenak baino garrantzi handiagoa du Sahararen historia eta egoera herritarrek ezagutzeak"; hau da, gakoa sahararrek bizi duten egoera ezagutaraztea dela uste du.
Sahararren kanpamentuetan egoera zein den galdetuta, Alik lehen eskuko informazioa du, bizitzaren zatirik handiena han eman duelako. Argi du "urritasuna" dagoela "zentzu guztietan": "Egunerokotasunean ezinbestekoak diren produktuak falta dira: janaria, ura, medikamentuak… Horrez gain, profesional falta ere badago, medikuak edo irakasleak, besteak beste. Orokorrean hutsune asko daude, eta kanpoko laguntza ezinbestekoa da gure familien eta herrikideen bizitza aurrera eramateko”. Hala ere, egoera zail horren aurrean uste du garrantzitsua dela "ikuspuntu baikorra izatea, aurrera egin nahi bada".
Saharar herriaren eguna
Janari bilketa, ordea, ez da saharar herriaren alde Orion egiten den ekitaldi bakarra. Izan ere, urtero otsailaren 27aren bueltan –saharar herriaren eguna–, Sahararen Festa Solidarioa ospatzen da Orioko Herriko Plazan, eta aurtengoan ere ez dute hutsik egin. Ali da elkartasun festa horren antolatzaileetako bat ere; hala, uste du horrelako ekimenak oso garrantzitsuak direla Orioko herriari euren kultura ezagutarazteko: "Festa horrekin gure kultura zabaldu nahi dugu: orokorrean, nolakoa den gure bizimodua, nola janzten garen, zein den gure janari tipikoa, edo zein diren gure kulturako dantzak, besteak beste".
Ali helburu argi batekin iritsi zen Oriora, eta uste du "pauso txikiak emanez" pixkanaka ari direla urratsak egiten. Nabarmendu du Orioko herritarren ekimenak emaitzak ematen ari direla, eta ez dauka gelditzeko intentziorik "gure herritarren egoera erabat hobetu arte".