Brahim Aissa: "Mende erdia eutsi dugu gure lurrengatik borrokan, eta horrela jarraituko dugu"

Ahmed Aissa 2024ko mar. 31a, 11:40

Brahim Aissa sahararrak 34 urte daramatza Euskal Herrian. Haurra zenetik zailtasun handiak bizi behar izan ditu Mendebaldeko Saharako gatazkagatik. Euskal Herrira iritsi arteko bideaz eta errefuxiatu kanpamentuetan bizi diren sahararrek duten egoeraz gogoeta egin du.

Zer dela eta utzi zenuen zure herrialdea?

Mendebaldeko Sahara Espainiako kolonia izan zen, eta 1976an Espainiak herrialdea utzi zuenean, Marokok inbaditu egin zuen. Ondorioz, saharar askok bezala, Aljeriara joan behar izan nuen errefuxiatu moduan. Ez genuen beste aukerarik izan, ezin zen beste ezer egin, sahararrok gure herrialdea uztera behartu gintuzten.

Nola gogoratzen duzu zure egunerokoa kanpamentuetan bizi izan zinen denboran?

Kanpamentuetan egon nintzenean oso txikia nintzen, eta gainontzeko haurrak bezala, eskolara joaten nintzen goizean goiz. Eskolatik etxera bueltatzen nintzen, eta han gelditzen nintzen ia arratsalde osoan, bero handia egiten zuenez, ezin genuelako kalera atera nahi genuenean. Freskatzen zuenean beste haurrekin ateratzen nintzen jolastera. Azkenean, munduko beste edozein umeren bizimodua bezalakoa zen, baina testuinguru gogor batean.

Errefuxiatuen kanpamentuetan bizi direnen bizimoduan aldaketarik egon al da urte hauetan guztietan?

Aldaketa ugari egon dira azken mende erdian. Hasieran janari eta etxebizitza eskasia zegoen, baita osasun eta hezkuntza arloan ere. Gaur egun, ordea, sahararren ahaleginari eta kanpotik iritsi den laguntzari esker, izugarrizko aurrerapausoak izan dira zentzu guztietan. Azken finean, prozesu luze bat izan da, hutsetik hasitakoa, gaur egun oraindik amaitu ez dena. Kontuan hartu behar da 50 urte pasatu direla ordutik, eta ez zegoela beste biderik. Aukera bakarra aurrera egitea zen.

Zein izan zen zure ibilbidea Euskal Herrira iritsi arte?

Dajla izeneko herri txiki batean jaio nintzen, Mendebaldeko Saharan, eta 7 urterekin Aljeriako kanpamentuetara joan nintzen. Urtebete iraun nuen han, eta handik Libiara emigratu genuen familiarekin. Han bost urte pasatu nituen nire ikasketak gauzatzen, eta ondoren, berriz bueltatu nintzen Aljeriara, baina ez kanpamentuetara, Muaskar deituriko hiri batera baizik. Bertan nire ikasketekin jarraitu nuen 18 urte bete eta Euskal Herrira etorri nintzen arte. Ordutik hemen bizi izan naiz nire bizitza aurrera ateratzeko.

Zergatik aukeratu zenuen Euskal Herria?

Aljerian ikasketak amaitu ondoren, Euskal Herrian unibertsitate ikasketak egiteko beka batekin etorri nintzen, Eusko Jaurlaritzaren eskutik. Horixe izan zen arrazoia: Euskal Herriak eman zidan aukera goi-mailako ikasketak egiteko, eta ezin nion uko egin aukera horri. Horregatik etorri nintzen Euskal Herrira.

Nola hartu zintuen herrialdeak?

Egia esan, hemengoa banintz bezala sentitu izan naiz beti. Ondo hartu ninduten, eta oso ondo moldatu naiz Euskal Herrira. Nik uste dut errespetua erakusten denean erraza dela integratzea. Horrez gain, garrantzitsua da bertako kultura eta jendearen ohiturak ezagutzea eta errespetatzea ere. Ni beti saiatu naiz nire ohiturak eta tradizioak mantentzen, baina besteenak errespetatuz.

Zertan desberdintzen dira Euskal Herria eta Sahara?

Oso ezberdinak dira zentzu guztietan: nabariak dira kultura, erlijio, hizkuntza eta ohituren arteko desberdintasunak. Baina, zalantzarik gabe, bizi kalitatea da desberdintasun handiena. Izan ere, han baliabideak oso urriak dira eta, lehen aipatu dudan moduan, egunerokotasunean ez dago aurrera egiteko aukera handirik.

Zer da Saharatik gehien sumatzen duzuna faltan?

Nire herrikideak dira faltan gehien sumatzen ditudanak. Pertsona askok ez dute izan nik izan dudan zortea, eta han geratu behar izan dute arrazoi desberdinengatik; eta, dakigun bezala, bizitza gogorra da bertan.

Saharako gatazka amaitzeko itxaropenik ba al duzu?

Oso zaila iruditzen zait. Ia 50 urte pasatu dira, eta ez da aurrerapausorik egon; Nazio Batuen Erakundeak ez du ezer egiten, eta herrialde askok dituzte interesak, gainera. Horrek ezinezkoa egiten du gatazka epe laburrean behintzat amaitzea. Hala ere, konfiantza ez dut sekula galduko: mende erdia eutsi dugu gure lurrengatik borrokan, eta horrela jarraituko dugu amaierara arte.

Noizbait itzultzea pentsatu duzu?

Beti izan dut bueltatzeko gogoa, baina oporretara bakarrik, nire herrikideak bisitatzera, han bizitzera ez. Lehen aipatu dudan moduan, etorkizun berri baten bila etorri nintzen Euskal Herrira, aukera eman zidaten bizitza berri bat eraikitzekoa eta aprobetxatu egin nuen. Nire bizitzaren parte handia hemen pasatu dut; nire seme-alabak hemen jaio dira, eta beren etorkizuna Euskal Herrian eraikitzen ari dira. Beraz, bueltatzeko aukera ez dut planteatu ere egin.

Duela 34 urte egin zenuen bidea askok egiten dute oraindik. Ba al duzu aholkurik Euskal Herrira etortzeko asmoa duten etorkinentzat?

Nire aholkua da hemengo kultura eta tradizioak errespetatzea. Hori egiten denean, errespetatu egingo zaituzte, eta elkarbizitza ona izango da guztientzat.

Orio Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide