Urtarrilean hasi zuen Orioko Udalak San Martingo ermitako bidea egokitzeko lanen bigarren fasea. Ordutik, Aldape eta Oreka arteko zatia itxita egon da ibilgailuentzat, bertakoentzat izan ezik. Ostiralean lanak azken fasean sartu ziren, errepidea asfaltatu baitzuten, eta harrezkeroztik zabalik da bidea, margoketa lanen faltan.
Egunotako eguraldi txarrak medio, margoketa lanak Aste Santuaren ondoren egingo ditu udalak, baina erakundeak gogorarazi nahi izan du errepidea erabilgarri egongo dela lanok egin bitartean.
San Martin ermitako bidea egokitzeko urtarriletik aurrera egindako lanek 435.000 euroko kostua izango dute guztira, eta Eusko Jaurlaritzako Erein programaren bidez, 168.290 euroko dirulaguntza jaso du udalak.