IV. Talai Mendi Trail Orio mendi lasterketan izena emateko epea ireki dute

Aiora LarraƱaga Solaberrieta 2024ko urt. 15a, 10:27

2022ko Talai Mendi Trail lasterketan parte-hartzaileak aldapan gora.

Lasterketan 200 korrikalarirentzat tokia izango da, eta izen-ematea gaurtik maiatzaren 15era bitartean izango da irekita Kronoak.com atarian.

Urteko lehen hilabeteetan izango diren mendi lasterketak iragartzen hasi dira, eta, hain zuzen ere, gaur goizean ireki dute IV. Talaimendi Trail Orio mendi lasterketan izena emateko epea. Maiatzaren 18an izango da, 17:00etan hasita, eta 14 kilometro eta 650 metroko desnibel positiboa izango ditu. Irteera eta helmuga Orioko Ikastola aurreko plazan izango dira, eta ibilbidea nagusiki Kukuarri (364m) mendiaren inguruan izango da. Nahi duenak eskuragarri du ibilbidearen bideoa sarean.

Lasterketan 200 korrikalarirentzat tokia izango da, eta izena ematea gaurtik maiatzaren 15era bitartean izango da irekita Kronoak.com atarian. Izen-ematea 22 euro kostako da, eta behin izena emateko kuota ordainduta, proban parte hartzen ez duenari ez zaio dirurik itzuliko. 16 urtetik gorako kirolariek parte hartu dezakete. Antolakuntzak, ordea, probaren aurretik azterketa mediku bat egitea gomendatzen die parte-hartzaile guztiei, eta hauek bere gain hartuko dute proban gerta liekeena.

Sariei dagokienez, gizon zein emakumeen kategorietan hiru azkarrenentzat izango da saria: Irabazleek garaikurra, txapela eta 150 euro jasoko dituzte; bigarrenek 100 euro eta 3. sailkatuek 50 euro. Horrez gain, lehen oriotarrek ere izango dute saria gizon zein emakumeen kategorian, txapela eta garaikurra jasoko dituzte.

Orio Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide