Orio, musikaz blai

Aritz Pardina 2024ko urt. 20a, 12:00

Giranice, Intza Unanue, Ithaka, Ibai Marin, Hereje Fighter, Jon Dorronsoro eta Iker Gurrutxaga. (Utzitakoak, Gaizka Peñafiel, Iker Gozategi, Tutti Community eta Naiz)

Orion betidanik izan da musikarako zaletasun handia, eta horietako musikagile askok abian dituzte ibilbideak eta proiektuak, bakarka zein taldean. Hasiberriak dira batzuk, eta ia bi hamarkada lagun artean entseatzen daramate besteek. Karkara aldizkariko abenduko erreportajea da honakoa.

Azken boladan, musika jarduerak hedatzen ari dira Orion, eta geroz eta gehiago dira KTA Kultur Tailerrean entseatzen aritzen diren talde nahiz bakarlariak. Ez dira talde homogeneoa. Izan ere, hainbat adin tartetako oriotarrak biltzen dira gunean, eta horietako bakoitzak izaera propioa du. Oso ezberdinak dira talde ikuskerari, helburuei eta estiloari dagokionez. Erreportaje honetan, herriko musika giro aberatsa erakutsi nahi izan du Karkarak.

Elektronikaren gorakada

Herriko musikariez hitz egiterakoan, askori ohiko taldearen irudia etortzen zaie burura, alegia, musika-tresnak soinean hartu eta elkarrekin entseatzen duen kuadrillarena. Dena dela, herrian badago DJ aritzen den jendea ere; oro har, banaka edo binaka aritzen dira horiek. Hain zuzen, azkenaldian, apustu horrek zabalkunde handia izan du Orion, eta jende dezentek heldu dio elektronikaren ildoari. Mundu horren eta euren jardunaren nondik-norakoak ezagutzeko, Iker Gurrutxaga eta Jon Dorronsoro DJek askorentzat ezezaguna den munduaz hitz egin dute.

Gurrutxagak argitu duenez, bere jarduerari ezin zaio "proiektu" deitu, ez duelako ez bere musika ekoizteko asmorik, ez besteen kantuak bere erara moldatzekorik ere. "Jolas" moduan hasi zuen bidea, baina esperimentazioaren eremuan ez zuen "ia aukerarik" izan, eta horregatik heldu zion bide profesionalari. Nolanahi ere, esker oneko azaldu da noizean behin "jolas moduan jarduteko plazaren bat" sortzen zaiolako. Dorronsororen bizipenak oso bestelakoak dira, "zaletasunaz" mintzo delako une oro. 19 urterekin hasi zen elektronikaren munduan "saltseatzen". Aurreneko pausoak "Gaztetxeko txoko txiki batean biniloekin ziztatzen" egin zituen. Gaur egun, Josu Balerdi eta biak aritzen dira, eta argi dute musika beti "ondo pasatzeko" egiten dutela: "Inoiz ez dut pentsatu musika ofizio bilakatzerik. Gainera, ez nuke nahi".

Elektronikak duen lekuari buruz, berriz, Gurrutxagaren eta Dorronsororen iritziak elkarrengandik oso gertu daude. Dorronsororen ustetan, DJ batek plantea dezake bere proiektua ohiko musika taldeek egiten duten moduan, baina iritzi dio Euskal Herrian elektronika "oso lotuta" dagoela "parranda giroarekin". Azaldu du, esaterako, Alemanian eta Frantzian, hemen ez bezala, badagoela "kultura elektronikoa". Gurrutxagak ere nabarmendu du Azkoitiko Holz und Blech elektronika jaialdia bezalakoak antolatzen badira ere, Euskal Herriko plaza nagusiak "musika komertziala jartzen duten DJek" hartzen dituztela. "Jendeak aukera emango balio bestelako elektronika bati, izen propioez hitz egingo genuke, eta DJak musikari tradizionalen parean jarriko lirateke", baina hori "zaila" ikusten du oraingoz. Guztiarekin ere, Orioko DJen jarduera hazten ari denez gero, musikari horiek izan dezakete aukera "elektronikaren kultura zabaltzeko, herri mailan bada ere". Hori ez litzateke, ez, lorpen txikia izango.

Entseatzetik eragitera

Herriko DJek ageriko ezberdintasunak dituzten bezalaxe, nor bere ezpalekoak dira Orioko talde nahiz bakarlariak ere. Estiloaren ikuspuntutik, hainbat adar eta lurraldetako doinuak lantzen dituzte, hasi rock instrumentaletik eta reggaera arte. Musikaz harago, ordea, elkarren artean badute diferentzia gehiago ere.

Batetik, hizkuntza hautuari erreparatu behar zaio. Horretarako, oso esanguratsuak dira honako hiru taldeak: Ibai Marin, Intza eta Ithaka. Atzetik hasita, Ithaka talde elebiduna da. Izan ere, nahiz eta gehienbat euskaraz aritzen den, atera du abestiren bat ingelesez abestuz. Ibai Marinek ere elebitan jarduten du, euskaraz eta gaztelaniaz. Dena dela, Desde lo salvaje estudioko lana atera zuenetik, gaztelaniara jo du. Intza, aldiz, abeslari elebakarra da, orain arte euskaraz aritu baita osoki, Aheri estreinako lan luzeak erakusten duen moduan.

Bestetik, bada euren jarduna denboraldi jakinetan pilatzen duen talderik ere. Aurreko hiru taldeek urte osoko ikuskera duten arren, badira beste modu batera antolatzen direnak. Giranice talde instrumentalak, esaterako, ikasturtearekin ekiten dio material berria prestatzeari, eta kontrara, Hereje Fighters-en reggae doinuak udaran loratzen dira, negua ezkutuan eman ondoren. Talde ikuskerari dagokionez ere desberdinak dira, aipatutako azken bi taldeek ez dutelako aztertu euren jarduera profesional egitearen aukera. Oso bestelakoa da, adibidez, Marinen eta Intzaren norabidea. Hirako abeslari ohiaren hitzetan, proiektua ogibide ez badu ere, "urrats guztiak era profesionalean" ematen ditu. Horrek barnean dakar "jende profesionala" kontratatzea "proiektuaren hainbat alderdi burutzeko". Intzarentzat ere bere lanbide nagusia ez den arren, proiektuak "garrantzia handia" du bere bizitzan, eta, horren alde "inbertsioak eta apustu handia" egiteko prest dagoenez, ezin du hobby soiltzat hartu.

Marinek, bestalde, azpimarratu du "erromantizismo puntuari eusten" saiatzen dela, eta musika ekoizteko eta kontsumitzeko modua asko aldatu bada ere, abestiak beti egin duen bezala grabatzea eta ekoiztea duela gustuko, "nahiz eta gaur egungo baliabideak ere erabili". Intzak, berriz, barneratuta zuen euskal talde oso gutxi bizi zitezkeela musikatik bakarrik, mezu hori jaso duelako betidanik. Gaur egungo bestelako taldeek auzi horri nola heltzen dioten ez badaki ere, iritzi dio "lehen baino bide gehiago" daudela "musika norbere ofizio nagusi bilakatzeko".

Ikus daitekeenez, askotariko sortzaileek osatzen dute herriko musika ekosistema, eta horregatik da, hain zuzen ere, "osasuntsua". Izan ere, aniztasun horrek musikarako gogoa sustatzen lagun dezake, Orioko bizilagunak orotariko erreferentziak aurki baititzake oso eremu txikian. Hori ez da, inondik ere, meritu makala. Bide batez, zenbaitek ezberdintasun horietan bat egiteko aukera aparta ikusi du. Zentzu horretan mintzatu da Giraniceko Iñaki Gurrutxaga. Hala, aukera baliatu du gogorarazteko Kultur Tailerrean "izugarrizko mugimendua" badago ere, bertako kideek ez dutela, oro har, elkarren berri. Nabarmendu du orain arte ez dutela gunea "dinamizatzen asmatu", eta "funtsezkotzat" jo du KTAko musika jarduera ezagutaraztea eta herrian hedatzea, bereziki gaztetxoen artean: "Gure buruarentzako jarduten dugu nahiko isolatuta, eta ez dugu profitatzen eragile bezala jarduteko dugun aukera paregabea. Bide horri heldu behar diogu", azpimarratu du. 

Erlazionatuak

Hiru musika talde, hiru ikuspuntu

Aiora Larrañaga Solaberrieta urt 20 Orio

Orio Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide