Hiru musika talde, hiru ikuspuntu

Aiora LarraƱaga Solaberrieta 2024ko urt. 20a, 12:00

Aritz Pardina kazetariak Ithaka, Giranice eta Hereje Fighters taldeak elkarrizketatu ditu Orio, musikaz blai erreportajean.

Ithaka musika taldea. (Iker Gozategi)

"Amets bat bizitzen ari gara"

Ithaka musika taldea

Ithaka talde gaztea da, baina azken urtean jauzi garrantzitsua eman du euskal musikaren eszenan.

Urte amaiera mugitua izan duzue. Pozik al zaudete?
Oso pozik. Askotan pentsatzen dugu: "Benetan ari zaigu hau gertatzen?". Duela urtebete inguru hasi ginen kontzertuak ematen, eta sinesgaitza egiten zaigu jada Espainia mailan jotzen jardutea.

Hain zuzen ere, Euskal Herritik kanpo ere aritu zarete, Eire eta Belako bezalako taldeekin, gainera. Nola sortu zen aukera?
Ikaragarrizko bizipena izan da, kontuan izanda Belakoren jarraitzaile handiak garela. Batetik, Josu Ximun (Lukiek, Belako) ezagutu genuen, Lukiek taldearekin batera tokatu izan garelako. Horren harira, jada hitz eginda genuen Belakorekin kontzerturen bat egiteko aukera. Dena dela, elkarrekin jotzeko aukera Villasound saria irabazi izanak ahalbidetu zuen azkenean, eurek lotu baitzituzten Belakorekin kanpoan eman ditugun kontzertuak.

Durangoko Azokako (DA) Ahotsenean ere aurkeztu duzue Biluzten lan berria. Aukera ona iruditu zaizue?
Guretzat kontzertu guztiak dira aukera bikaina, baita palet-en gainean jo behar badugu ere. Baina bai, DA bezalako plazak aukera ona dira, gure lana hedatzeaz gain, bereziki, gure burua euskal eszenan txertatzeko eta bertako taldeekin harremana estutzeko aukera ematen duelako.

Zer ezaugarri ditu disko berriak?
Ithaka aurkitu nahi genuen lan honekin, gure izaera definitu. Aurreko dinamika apurtzeko modua izan da: singleak ateratzen aritu ginen, bata bestearen atzetik, funtsean egin nahi genuena argi izan gabe. Orain, ordea, ondo landutako diskoa sortu dugu, zentzu guztietan. Estilo aldetik, zuzenekoak ematen hasi garenetik taldekideok antzeko erreferentziak ezagutu ditugu eta hortik jo dugu. Esanahiari dagokionez, itsasoak zeresan handia izan du diskoan. Bestalde, konturatu gara abesti guztiek elkarren artean lotura handia dutela, ia-ia alegoria bat bezala ulertzen dugu, hasi eta bukatzen den istorio bat bezala.

Lanaren bilakaera hori ikusita, gaur egun zer da Ithaka, zaletasuna ala talde profesionala?
Une honetan egin dugu batetik besterako jauzia. Fakturazioa eta horrelako kontuak tarteko, musika elkarte bezala izena eman dugu. Horrek eragina izan du gugan ere. Jada legezko zerbaitetan murgildu garela iruditzen zaigu. Hala ere, zaletasunez aritzen gara, hori galtzen dugunean, jada ez duelako mereziko taldean aritzeak.

Etorkizunerako planik ba al duzue?
Aretoetan bira egin nahiko genuke urtarrila eta martxoa bitartean.

Ametsik?
Ez dugu inolako nahi berezirik. Ez dugu, adibidez, hiri bateko edo besteko areto edota oholtza buruan. Ametsa, lehen esan bezala, orain ari gara bizitzen. Toledo bezalako leku ederrean Belakorekin jotzea, adibidez, ametsetan ibiltzea bezala izan zen.

 

Giranice musika taldea Zarautzen kontzertua eskaintzen. (Utzitakoa)

"Inoiz ez dugu taldea ogibide bilakatzeko asmorik izan"

Giranice musika taldea

Giranice 2011. urtean sortu zen musika talde instrumentala da, eta ordutik bere izaera bereziari eutsiz egin du bidea.

2021ean argitaratu zenuten Studio Live Session lana, EP formatuan eta baita bideoan ere. Zer moduzko harrera izan du?
Ez genuen promozioa egiteko kaleratu, helburua ez zen horren harira kontzertuak lotzea. Egia da Mikel Kazalisekin argitaratutako Geysir abestiaren bideoak izan zuela oihartzun pixka bat. Ekarri zituen elkarrizketa batzuk, orokorrak izan gabe, lan zehatz horri buruzkoak. Gainera, pentsatuko ez genukeen lekuetara iritsi zen, Twitch plataformara, kasu.

Zuzenean grabatzean, gaur egun ohikoa den ekoizpen-perfekziotik aldendu nahi zenuten?
Abestiak oso landuta eraman genituen estudiora, hain zuzen ere, zuzeneko grabaketetan akatsak gerta daitezkeelako. Beraz, bideo horien intentzioa zen zuzeneko esentzia islatzea eta gordetzea. Ekoizpenari dagokionez, lehenengo aldiz, aurre-ekoizpena landu genuen gehiago. Naturaltasuna bilatu dugu, azken batean. Guztia bi harralditan egin genuen; bai soinua eta bai irudia.

Zer edo zer berria prestatzen ari al zarete?
Bai, baina ezer zehatzik ez oraindik. Lokalean zerbait lantzen hasi nahi dugu. Abesti bat izango da, eta asmoa grabatzea bada. Oraingoz ez dakigu, ordea, zein izango den norabidea.

Nola azalduko zenukete taldearen bilakaera?
Estiloari dagokionez, lehenengo diskoen helburua zen gure soinua aurkitzea. Neurri batean, horrek sinpletzera egin du denboraren poderioz. Gaur egun, gure musika zuzenagoa da, akaso. Beraz, estiloa bera definitzea baino, gaur egun lortu dugu abesti bakoitzari kontzeptu bat atxikitzea; lehenengo lanetan, kontrara, hainbat elementu zegoen kanta beraren barruan. Gauza on pila bat zegoen abesti bakoitzean.

Zehazte horrek eragin al dio taldearen izaerari?
Bolada batean, atzerriko diskoetxe batzuek eskaini ziguten birak antolatzea. Baina, galderari erantzunez, inoiz ez dugu taldea ogibide bilakatzeko asmorik izan, baina une horretan balioztatu genuen ea nola molda gintezkeen proposamen horiei baietz esanez gero. Unean uneko kontu horiez gain, ordea, ez dugu aukerarik izan geure buruari talde-ikuskerari buruz galdegiteko.

Nola ikusten duzue euskal eszena instrumentala?
Oro har, oso eremu txikia hartzen du, beharko lukeena baino askoz txikiagoa. Abeslaria falta denean, zailagoa da jendearengana iristea, ikusle-entzulea figura horretara ohituta dagoelako.

Garai batetik hona musika proiektuen ideia aldatu dela uste duzue?
Bai. Hori nabarmena da mainstream ereduan. Merkatu ikuspuntu nabarmena dute musikari horiek, udaletan-eta kontzertuak ematea errazten duena. Joera hori nahiko berria da. Baina Euskal Herria bada salbuespena ere, boladan dagoen zirkulu horretan sartzen ez direnek aukerak badituztelako. Guk, adibidez, underground izenda genezakeen eremuan aurkitu dugu gure lekua.

 

Hereje Fighters taldeko kideak. (Utzitakoa)

"Etenaldiak izan daitezke jarraikortasun horren funtsa"

Hereje Fighters musika taldea

Oriotar askoretzat ohitura bihurtu da Hereje Fighters reggae taldeak udan eskaini ohi duen kontzertua.

Zuen proiektua sortu zenean, 2000ko hamarkadaren hasieran, bazenuten helburu zehatzik?
Hasieran, besterik gabe, musika tresnaren bat jotzen genekien jendea elkartzen ginen. Orduan helburua zen entseatzera etortzea, denbora-pasa, norberak zekizkien abestiak proposatzera eta nork bere aletxoa jartzera. Horrela ari ginela, udaran kontzertu bat emateko aukera sortu zitzaigun, eta, ordutik aurrera, hori izan da gure helburu finko bakarra, udarako kontzertu hori ematea.

Beraz, oro har, zaletasuna izan da.
Bai. Ez dugu sekula ezer profesionaltzat hartu. Dena dela, izan dugu bilakaera ere. Azken hiruzpalau urteetan gure kantuak egiten hasi gara, eta gogo gehiagorekin saiatu gara kontzertuak lotzen. Nolanahi ere, inoiz ez dio utziko zaletasuna izateari. Gainera, talde hau ezingo litzateke profesionalizatu, urtean hiru hilabetez bakarrik aritzen baikara.

Hortaz, esango zenukete zuena denboraldiko taldea dela?
Neurri batean, bai, baina ez guztiz. Egia da udaran ematen ditugula kontzertuak, Iñaki Etxeberria orduan etortzen delako Costa Ricatik. Gaur-gaurkoz, ordea, serio hasi garen horrekin, urte osoan elkartzen saiatzen gara, Iñaki etortzen denerako taldea prest egoteko. Gure une gozoenean gaude; sekula baino denbora gehiago eskaintzen diogu taldeari.

Etenaldi horiek nola eragiten dute taldean?
Agian horixe izan da hainbeste urtean elkarrekin jarraitzeko gakoa. Geldiuneak daudenez, onerako eta txarrerako diren gauzak apaltzen dira hurrengo urteari begira. Adibidez, denboraldi txar baten ostean, geldialdiak balio dezake taldeari atzera gogoz ekiteko. Askotan pentsatzen dugu, neurri batean, meritua ere badela hainbeste urteren ondoren elkarrekin jarraitzea. Etenaldiak izan daitezke jarraikortasun horren funtsa.

Zein plaza dituzue gustukoen?
Oro har, leku txikiak. Oholtza handiak hotzagoak dira, gehienbat entzule gutxi dagoenean. Berotasuna nahi izaten dugu kontzertuetan.

Giroa sortzea izaten duzue helburu?
Bai, baina esango genuke estilo aproposa dela entzuteko eta lasai egoteko ere. Eta, noski, gure doinuek berdin balio diezaiokete dantza egin eta parranda giroan sartu nahi duenari ere.

Nola oroitzen dituzue zuen hastapenak gaur egungo taldeen aldean?
Asko aldatu da talde berrien ikuspuntua, eta digitalizazioak eragin handia izan du horretan. Adibidez, grabaketa prozesuek lan gehiago ematen zuten gu hasi ginenean, baina horrek xarma ere bazuen. Gainera, lehen ohikoagoa zen ezjakintasunetik abiatzea. Gaur egun, talde bat osatzen dutenek badakite, oro har, instrumenturen bat jotzen, musika eskolan ikasi dutelako-edo. Maila handiagoa da, beraz, eta horrek taldea eraman dezake helburu zehatzagoak izatera. 

 

 
 

Orio Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide