Bihar, Errege egunaren bezperan iritsiko dira Errege Magoak Oriora, baina "herritarrak une gogorrak" pasatzen ari direla jakitun direnez, urteroko dinamika eta ordutegiak aldatzea erabaki du Orioko Udalak, "Urkoren familia, lagun eta gertukoek egingo dioten agurra errespetatu eta babesteko. Elkar zaintzea da aurtengoan egin dezakegun oparirik ederrena", azaldu dute ohar bidez.
Hala, honakoa izango da biharko egitaraua:
Goizean, bizarzuri kiroldegian izango da errege-gutunak jasotzen, 11:30etik 13:00etara.
Erregeak, berriz, arratsaldez iritsiko dira herrira, eta zuzenean kiroldegian juntatuko dira herritarrekin, 19:30ean. "Danbor-soinuak lagun, han goxatuko dugu Errege bezpera zuekin guztiokin batera, elkarren igurtzia bezalakorik ez dago-eta laztasunei aurre egiteko. Muxu eta besarkada handi bana eta aurki arte!"